GARA > Idatzia > Euskal Herria

Irura, 700 biztanle izatetik 1.600 izatera igaro den gaztez betetako herria

Euskal Herriko herririk gazteenetakoa eta zaharrenetakoa jarri ditugu aurrez aurre, Irura eta Uxue. Ispilu baten bi aldeak dira, guztiz kontrakoak. Batean 40tik gora ume jaiotzen ari dira urtero, bertzean ez da haurrik jaio azken 40 urteotan. Batean mugimendu handia dago: haurrak patinetean, lasterka, irrika... Bertzean apaiza eta 50 pertsona zahar ikus daitezke soilik egunerokoan. Antza ere badute, ordea, orain gazteena izan arren, Irura zeharo zahartua egon zelako.

p020_f01.jpg

Maider IANTZI

Hamasei urtez Irurako alkate izandako Marimi Ugalderekin batera ikastolara sartu garenean, patioan jostetan dabiltza haurrak. Mutilek jaramonik ere ez dute egiten; neskak, ordea, galdeka eta galdeka ari dira argazkilariari eta bioi buruz: «Nor dira hauek? Zertara etorri dira? Zer dira, ikasle berriak?». Azken hori aditzea irrigarria eta polita izan da. Duela 35 urtetik ikastolako langile den Josune Aiestaranekin elkartu gara atean, eta gela batean hasi dugu elkarrizketa.

Gipuzkoako herririk gazteena da orain Irura, 1.600 biztanle baino gehiagorekin. Baina duela hamazazpi, urte Ugalde alkate gisa hasi zenean, 700 lagun ziren. Kasu berezia zen, 350 emakume eta bertze hainbertze gizon zirelako. Eraikuntza zeharo geldituta zegoen eta jende gazteak kanpora joan behar zuen bizitzera. «Udalean sartu ginenean itxita zegoen paper fabrika zaharraren ingurua industriagune izatetik hirigune izatera pasatu eta lau etxebizitza pribatu eta babes ofizialeko beste bloke bat egin genituen. Arrakasta itzela izan zuen eta gune oso polita gelditu zen. Lehen ibaiari bizkarra emanda bizi ginen, baina orduan ibaiari begira egin genituen etxeak, ura ere askoz garbiago zegoelako». Anoetako zubitik Irurako plazaraino bizitegi gunea egin zuten, eta, ezkerrera eta eskuinera, industriala. Horrek biztanleria pila bat igotzea ekarri zuen, eta eurentzako baliabideak aldatzea, ikastolatik hasita. Bikote gazteak ziren etorritako gehienak, eta, zer hazkunde tasa aurreikusten zen aztertzeko, Siadecok ikerketa bat egin zuen 2002an. «Emaitza ikusi genuenean izugarrizko ezustekoa hartu genuen!», oroitu dute irri artean.

Lehen jende heldua zen nagusi, ikastola ixteko zorian egon zen umerik ez zegoela-eta. Siadecoren kalkuluek, ordea, erabat bestelako egoera marraztu zuten: 2003an 15 haur jaioko ziren; 2004an 18; 2005ean 29; 2006an 38; 2007an 56... Ez da 56ra iritsi, baina 40tik gora jaio dira azken bospasei urteotan, eta, aurten, 32 oraingoz. «Ez zaigu tokatu ikastolan norbait kalean uztea eta ezingo genuke hori egin ere».

Iruran Lehen Hezkuntza osoa jar zitekeela ikusi zuten, 12 urte arte. Lehengo medikuaren etxea egokitu zuten, apaizaren etxeko lehenengo pisua eta bigarrenaren erdia, barrakoi bat ere eduki zuten... Hezkuntzak erran zien 2008rako eraiki egin behar zutela ikastetxea eta horretarako dirua lortu behar zuten. Eraikina txiki gelditu zaie, baina ume kopurua jaistea espero dute.

Kilometroak, herritar egiteko aukera

Josune Aiestaranek nabarmendu du Udalaren laguntzarik gabe ezingo zutela ikastola handitu. «Lurra eman zigun eta 600.000 euroko mailegua hartu zuen bere gain. Beste hainbestekoa ikastolak. 50.000 euro 2008an egin genuen Kilometroak jaitik atera genituen eta beste 50.000 ordaindu ditugu», hasi da kontatzen. Eta «halako gauzak esan behar dizkidazue!», erantzun dio kontent Ugaldek. Ikusten dute «gerra ekonomia honekin» badoazela, posible dela. Halako herri txikia izanda Kilometroak antolatzea ere sekulakoa izan zela azpimarratu dute: hor ikusi zuten herrira etorri zen jende berriak ahal zuena eta gehiago egin zuela. «Herri osoa inplikatu zen. Jaiak aukera eman zuen jendea ezagutzeko, herritar egiteko. Hemen, bestela, umeak ikastolan hasi arte, gurasoek ez dute elkar ezagutzen. Herri egiten dira parkean. Umeak erdi gaixo badaude, ez dute aiton-amonarik eta osaba-izebarik gurasoek lanera joan behar badute... herri berri-berria da».

Beldur ziren Irura lotarako herria izanen ote zen, baina bada bizia. Umeak dauzkatenak arratsaldero egoten dira kalean, asteburuetan ere gelditzen dira... Bertze mugimendu bat ikusten da orain, Irura «zeharo zahartua eta hila» zegoelako lehen. Erretiratuen elkartean jende gutxiago dago, gaztetu egin da dena. «Nik uste aldaketa onerako izan dela, emakumearen begiak ikusten dira, oso polita dago eta hori denek azpimarratzen dute», bota dio lorea irakasleak lagunari.

«Iruraren arazoa da autobidea egin zigutela erdi-erdian eta herria bitan zatitu zuela. Biztanleak alde batean daude, eta, herria, zerbitzu guztiekin, bestean. Semaforoa jartzeak, halere, asko lagundu du». Zerbitzuak ez dira gehiegi aldatu. Herria haztean murrizketak hasi ziren. Medikua badago goiz guztian, eta erizaina ere bai, baina pediatrarik ez. Anoetan dago bat Villabonarako, Asteasu ingururako eta Irurarako. Botikarik gabe gelditu ziren, botikina lortu zuten, ordea.

Ikastolako lehenengo promozioko ikasleen argazkia erakutsiz, nola inplikatzen diren eta zein harreman estua duten azaldu dute, baita zein irurarrak diren ere. Lotura itzela dute. «Konplexu pittin bat ere eduki dugulako agian, txiki konplexu hori, eta gero handitu garelako, eurek ere hori bizi izan dute». Solasean ari garela, emakume haurdun bat etorri da: «Haur eskolan Inar apuntatu nuen, eta kentzeko...». Nahia eta Eneko haurrak ere hurbildu zaizkigu eskulan bat erakustera. Ateratzean, jada bazkalordua, kaleak umez beteta topatu ditugu, korrika, eskutik, patinetean... Nabari da bai gaztetasuna!

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo