GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Mesedez! Arren! Amen

Ama, ama! zenbat gauza ez ote diren politikan aldatu! Gogoan daukat lehengo legebiltzar harena, non eztabaida esaten zioten berbaldi gurutzatuen osteko bozketan eskua altxatzen zen, boto modura, alfabetikoan altxatu ere. Kanpoko munduan zer gertatzen ari zen une hartan, ideiarik ez!. Gehien jota biltzarkide batzuek irrati bat izaten zuten belarrira itsatsita, san mamesen batean baileuden. Baina orain? Ene, ene! Ekialde Hurbileko herrialde bat inbaditzera doazela ematen du, Gasteizko Legebiltzarreko bilkuretan behinik behin. Horixe zama gero legebiltzar horiek bizkarrean daroatena! Bizkarra lepo, txo! Herri-kirol berria, enborrik ez, mozketak aurrekontuetan datoz eta!, hortaz, atzekontuak dira. Tira, harira! Hara! iPad, iPhone, iTxo, azken belaunaldiko ordenagailu eramangarria... den dena bizkar batera bilduta! Ez nau harritzen zuzenbide-estatu batean jende askok uko egitea hauteskunde-zerrendetako lehenengo postuetan egoteari!. Are gutxiago, osasun publikoak legebiltzarkideen makurra gaixotasun politiko hartzen ez duenean. Enfin san martin! Bai, badakit askorentzat garapen eramangarria horixe dela, kristoren garapena duen ordenagailu eramangarria izatea, iraunkorra izango ez bada erer. Amen. Nago ni azkeneko belaunaldiko gailu horiekin hurrengo belaunaldien geroa ertzaren izkinan ipintzen ari garela. Afrikako koltan minerala gogoan. Palestina ere, jakina!

Bil nadin harira demontre!. Gailu moderno horiek agertzear direla esan eta ordu gutxitan zer eta agortzear! Han-hemen buru-osasun publikoa indartu behar den seinale. Halere, kolpea gero! marra gorriak pasatuko ez direla esan eta berresan ondoren hara non pasatu egiten diren olinpikoki. Erraza da horren justifikazioa; gauzak kolorez jarri beharrean zuri-beltzean jarri eta listo! Zeinek esan pasatutako marra hori gorria dela? Ee? Erretretan dagoen jubilaturen batek esango ote? bai zera! bego isilik! Kutxako hauteskunde-zerrendetan ezin egon denak ahotsa izango al du gauza serioetan? Mesedez, arren!. Amen. Portzierto, a ze kristo jesulagunen unibertsitate horretan!. Ez nau harritzen: iGod! Eta ilargiak bere biran segitzen du, estonatuta, hegoaldeko funtzionarientzat urteak zergatik hamalau hilabete dituen ulertu barik... gabonetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo