GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Taylor Jensen eta Kelia Moniz: Munduko Longboardeko txapeldun

Txinan egin dute 2012ko Munduko Longboard Txapelketa. Mutiletan Taylor Jensen eta nesketan Kelia Moniz izan dira txapeldunak.

p046_f01_148x88.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Taylor Jensen ipar-amerikarrak, munduko Longboard titulua eskuratu du bigarren aldiz. Nesketan Kelia Moniz nagusitu da 2012ko Munduko Longboard Txapelketan.

Aurten ere Txina aukeratu dute munduko Longboard Txapelketa egiteko, Hainan probintziako kostaldea.

Hainan uharteak

Txinako Herri Errepublika osatzen duten probintzietako bat da Hainan. Uharte ugarik osatzen dute probintzia, eta horietako handiena Hainandao da. Bertan dago probintziako hiriburua ere: Haikou.

Hainandao uharteak 34.000 kilometro karratu ditu eta zortzi milioi biztanle baino gehiago bizi dira bertan. Uharteak Belgikaren antzeko azalera du, pixka bat handiagoa bada ere. Bertakoek Vietnameko jendearekin antz handia dute; izan ere, Hainandao Vietnametik oso hurbil dago. Budismoa da erlijio nagusia, nahiz eta islama eta kristautasuna ere oso hedatuta dauden.

Hainan uharteetan Txinako gainerako lekuetan baino industria gutxiago dago. Mendi garaienak Wuzhi izena du eta 1.876 metroko altuera dauka.

Kostaldea, berriz, tropikala da, palmondoak eta giro epela dira nagusi, eta uraren tenperatura ere altua da; beraz, bainujantzia jarrita surf egiteko leku aproposa da. Hainan uharteetako irletako bat da Wanning, eta bertan egin ziren aipatu mundu mailako bi surf txapelketak.

Txina oraindik ongi ezagutzen ez den lurraldea da surflarientzat, baina Wanning uharteak ospe handia hartu du oso denbora gutxian. Bertan daude olatu ezagunenak eta bertan dagoen Riyue Bayko ezker olatu luzea famatu egin da azken urteetan.

Ez da olatu handiak maiz izaten dituen lekua, itsaskiak nahiko urri izaten baitira, baina olatuak dauden egunetan surf egiteko baldintza bikainak izaten dira.

Longboard egiteko edo hasiberrientzat leku ezin hobea da; izan ere, olatuek tamaina egokia izaten dute (ez dira oso handiak) eta giroak eroso surf egiteko baldintzak sortzen ditu.

Jensen eta Moniz

Azaroaren 27an amaitu zen Munduko Longboard Txapelketa. Nesketan Keila Monizek lortu du 2012ko munduko longboard titulua. Mutilei dagokienez, berriz, Taylor Jensen ipar-amerikarra izan da garaile.

Taylorrek bigarren titulu mundiala eskuratu zuen beraz, iaz ere berak irabazi baitzuen ASP erakundeak antolatzen duen maila goreneko txapelketa. Hurrengo hiru postuak hawaiiarrentzat izan ziren. Ned Snow bigarren, Kai Sallas hirugarren, eta Nelson Ahina laugarren.

«Txapelketan zehar zera sentitzen nuen, ez nintzela nire onena ematen ari, are hobeto egin nezakeela. Onena amaierarako gordetzen egongo banintz bezala izan da», adierazi zuen irabazleak.

Finalean, metro bateko olatuetan, bikain aritu zen Jensen. Taularen aurrealdera egiten zituen joan-etorriak eta bat-bateko birak oso ongi uztartu zituen.

Iazkoan bi txapelketako itzulia egin zuten (Italia eta Txina) eta bi txapelketetan bigarren postua eskuratu zuen Taylor Jensenek, baina goi mailako itzulia osatzen duten gainontzeko 33 lehiakideek baino puntu gehiago bildu zituenez, berak irabazi zuen.

Gainerako modalitateetan, leku desberdinetan egindako txapelketek osatzen dute ASP zirkuitua, alegia, mundu mailako itzulia, baina Longboard modalitatean, aurtengoan behintzat, txapelketa bakar bat egin ostean erabaki dute irabazlea nor den.

Nesken kasuan berriz, lehen postua hawaiiar batek eskuratu du, Tony Moniz surflari mitikoaren alabak, Kelia Monizek, hain zuzez ere. Bere atzetik, bigarren postuan, australiar bat, Chelsea Williams.

Finalean lehia gogorra izan zen, eta modalitate honetan neskek azken urteetan lortu duten maila altua agerian geratu zen.

Modu honetan, ASP zirkuituan noizbait irabazi duten lehiakideen zerrendan sartu da Keila Moniz, baina bai berak bai Jensenek, otsaila arte itxaron beharko dute titulua irudikatzen duen saria jasotzeko. Australian izango da, urtero bezala, Gold Coasten egiten den ASPko sari banaketa ofizialean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo