GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskararen eguna, urte osoan egina irudikatzeko

Bertso saio, hitzaldi, jolas, kontzertu, Berbodromo... Ekintza ugari egiten ari dira herrietan gaur Nafarroako Egunarekin batera ospatuko den Euskararen Egunaren inguruan.

p013_f02.jpg

Maider IANTZI

Larunbatean Donostian «Euskaraz bizi nahi dugu» lemapean eta Kontseiluak antolatuta egin zen manifestazioak eta gaurko Euskararen Egunak sortutako giroak bultzatuta, hizkuntza honen aldeko aldarrikapen eta ekintza ugari egiten ari dira Euskal Herrian, baita hemendik kanpo ere, AEBetako Boiseko diasporan, errate baterako. Ekimen horietako anitzetan herritarrak dira protagonista. Goiko argazkian ikusten den Debako flash moba horren adibide da. Baina nondik dator balkoi anitz «Euskaraz bizi nahi dut» dioten oihalez jantziko dituen ospakizun hau? Euskararen Eguna abenduaren 3an ospatzen da, Xabierko Frantziskoren Egunean, Nafarroako Egunarekin batera. Data horren jatorria Eusko Ikaskuntzari lotuta dago. Lehenengo aldiz 1949an ospatu zen Euskararen Eguna, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Parisen, Mexikon, Caracasen, New Yorken eta bertze leku batzuetan ere bai. Eta geroztik, urtero egin da.

1995ean, Kanpoko Gizataldeen Lehen Mundu Biltzarrean, Uruguaiko ordezkaritzak eguna berrindartzeko proposamena egin zuen. Diasporako euskaldunek jai handitzat zutena ofizial izendatzeko eskatu zuten. Lakuako Gobernuak eta Euskaltzaindiak ontzat eman zuten proposamena eta abenduaren 3a Euskararen Eguna izendatzea erabaki zuten.

Leku anitzetan irakurri eta aditzen da Euskararen Nazioarteko Eguna izena, baina ez da erabat zuzena, nazioarteko eta munduko egunak Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak izendatzen baititu, eta batzuetan Unescok, eta ez dute halakorik egin euskararekin. 1949an Biarritzen egindako kongresuan, Eusko Ikaskuntzak euskararen unibertsaltasuna, baliagarritasuna eta iraupena irmoki ospatzeko adierazitako gogoaren ondorioa izan daiteke Euskararen Nazioarteko Eguna.

Bilduren eskaera Bizkaiko Aldundiari

Euskararen aldeko ospakizun hauen testuinguruan, euskara lanerako lehenengo hizkuntza gisa erabil dezala eta herritarrei zerbitzu guztiak hizkuntza honetan jasotzeko aukera eman diezaiela eskatu dio Bilduk Bizkaiko Aldundiari. Hainbat ekimen erregistratu ditu Batzar Nagusietan EAJk gobernatutako foru administrazioan euskararen erabilera sustatzeko, Gipuzkoako Aldundiak ezarritako neurriekin bat eginez. Aldundiaren izenean lan egiten duten enpresek ere harremanak hizkuntza honetan izan ditzatela berma dezan nahi du koalizio abertzaleak, eta enpresek eta elkarteek Aldundiaren laguntzak jasotzeko baldintzetako bat izatea horiek kanpo jardueretan ere euskara erabiltzea.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak Alkatetza bandoa osatu du. «Euskaldun izatearen harrotasuna eta euskaraz bizitzeko nahia lau haizetara zabaltzeko unea da. Irudika dezagun, egun honetan, euskaraz eta euskararen alde egiten duguna; baina, era berean, aprobetxa dezagun bere oihartzuna Euskararen Hiria eguneroko ahalegin pertsonal eta kolektiboaren emaitza soilik izango dela gogorarazteko. Urte osoko ahalegin hori aldarrikatzeko», adierazi du bertan.

Eusko Ikaskuntzak kanpaina bat egin du euskarak sarean gero eta leku handiagoa izateko, eta 30.000 atxikimendu baino gehiago jaso ditu. Urriaren amaieran euskal hizkuntza aipatzen zuten bi «doodle» eredu edo ikono aurkeztu zituzten, eta diseinu horiek eta jasotako sinadurak Googlera bidali dituzte. Bestalde, Argentinako Union Vascak jasoko du Ene saria euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lanaren aitortza modura. 1899ko elkarte honek 600 bazkide ditu eta Bahia Blancako komunitatearentzat intereseko hainbat ekitaldi antolatzen ditu. Duela 23 urtetik euskara eskolak ematen ditu, euskaraz bizitzeko beste hainbat ekitaldi antolatzeaz gain.

EHUko Bizkaiko campusean gazte euskaldun ezagunekin ospatuko dute eguna; hizkuntzarekin lotutako bizipenak eta erronkak azalduko dituzte. Eta «Euskal kantuaren musika bidaiak» mintzaldi soinuduna eginen du Pantxoa Etchegoin EKEko zuzendariak Donostiako Unibertsitate Ospitalean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo