GARA > Idatzia > Ekonomia

Enpresa txikietako hauteskundeetarako hitzordu kolektiboa finkatu du LABek

Bere eskaintza sindikala ezagutaraztea xede hartuta, LAB buru-belarri ari da Ipar Euskal Herriko enpresa txikietan ordezkari sindikalak hautatzeko hasi berri diren bozetan. Sistema kritikatzen duten arren, ahalik eta parte hartze handiena izan dadin ahaleginduko dira.

p021_f02.jpg

GARA | BAIONA

Azaroaren 28tik abenduaren 12ra Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako 25.000 langilek lehen aldiz ordezkari sindikalak hautatzeko aukera izango dute. Hamaika langile baino gutxiago dituzten enpresa txikietako langileek Estatu mailan sinatuko diren lan-hitzarmenetan zein sindikatuk ordezkatuko dituzten aukeratuko dute.

LABek duela hilabete batzuk abiatu zuen kanpaina, nahiz eta hautatzeko sistemarekin desadostasun handiak dituen. Izan ere, «sindikatu nagusien mesedetan eta gertuko eremutik at -euskal langileek Akitaniako erregio mailan bozkatuko dute- parte hartzearen kaltetan eta, finean, patronalaren interesetan» antolatu direla deritzo.

Halere, enpresa horietako langileak «ahantziak» direla eta beren eskubideak ez dituztela ezagutzen egiaztatuta, sindikatu abertzaleak bere eskaintza eta lana ezagutarazteko erronkari ekin zion. «Gure eguneroko lanean ohartzen gara ugazaben aitzinean bakarrik daudela, eta beren eskubideak ezagutzen ez dituztenez, egiaz, enpresa handiagotan lan egiten duten langileek baino eskubide gutxiago dituzte», adierazi zuen Eñaut Aramendi LABeko kideak.

Elkarlanerako deia

Tokiko errealitateari ahalik eta era egokienean erantzuteko, Ipar Euskal Herriko gainerako sindikatuei elkarlanean aritzea proposatu zien LABek, langileak era bateratuan informatzeko eta parte hartzera deitzeko. Alferrik ordea, bere gomita ez baitute aintzat hartu.

Boza emateko modua bera ezohiko denez -postaz edo Internetez eta era indibidualean-, sindikatu abertzalea bere alternatibaren zehaztasunak azaltzeaz batera, prozeduraren nondik norakoen berri ematen aritu da enpresaz enpresa.

Horrez gain, parte hartzea sustatzeko, abenduaren 8rako hitzordu kolektiboa finkatu du hainbat herritan. Horietan Internet bidez bozkatzeko parada eskainiko dute, eta langileei ondoko guneetara bertaratu daitezen dei egin diete: Maulen goizeko 10.00etatik 12.00etara izango dira Ahuski gelan eta Azkainen (Xoko Ona), Baionan (Kalostrape), Donibane Garazin (Kalaka), Hazparnen (Xuriatea), Pausun (Xaia), Uztaritzen (Trirritta) eta Ziburun (Tana), berriz, 18.00etatik 20.00etara. Langileek beren etxeetan jasoko dute behar den dokumentazioa, bakoitzari dagokion kodearekin.

ENPRESEN %93

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako enpresen %93k hamaika langile baino gutxiago dituzte. Hauteskunde hauetan 25.000 langile inguruk dute boza emateko eskubidea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo