GARA > Idatzia > Euskal Herria

Atxiloketak ez datozela garai politiko berriarekin bat ohartarazi dute Lesakan

p012_f02.jpg

GARA | LESAKA

«Errepresioa ez da bidea. Euroagindurik ez! Konponbide garaia da» lemapean, Beñat Atorrasagasti eta Joseba Iturbide herrikideen atxiloketak salatu eta haiei babesa adierazteko manifestazioa egin zuten atzo Lesakan. 18.00etan abiatu zen martxa Plaza Zaharretik. Negu giro petralean, ehun lagun inguru elkartu ziren, bi helbururekin.

«Azken hilabeteetan bertze bi operazio errepresibo izan ditugu Lesakan eta, horien ondorioz, bi preso politiko gehiago ditugu. Orduan, bai Beñat Atorrasagastiren atxiloketari eta bai Joseba Iturbiderenari erantzuteko mobilizazio bat izan da», azaldu zuten antolatzaileek. Lehenengoa Eskozian atxilotu zuten uztailean eta Estatu frantsesera edo espainolera eraman dezakeen euroagindu eskari bati aurre egin behar dio. Bigarrena berrikiago atxilotu dute Estatu frantsesean.

Lesakako ezker abertzaleak egiten duen irakurketa da hain zuzen garai politiko berri honetan, konponbideak mahai gainean jartzeko unea den honetan, nahiko argigarria dela Lesakan bi preso politiko gehiago izatea eta horrek garbiki adierazten duela estatuek prozesuaren blokeoaren alde hartu duten jarrera. Zentzu horretan, eskaera zuzena egin zieten Londresko eta Eskoziako gobernuei Atorrasagastiren estradizio prozesuan ez laguntzeko, «eurek barne gatazkak modu demokratikoan bideratzea hautatu duten honetan bertze gatazka batzuk elikatzen jarraitzen dutelako».

Kalean jarraitzeko deialdia

Iturbideren kasuari begira, Estatu frantsesak bere betiko errezeta zaharrak aplikatzen segitzen duela baieztatu zuten: «Makilaren errezetak, Estatu espainolarekin erabat lerrokatuak, konponbidearen alde ekimenik egin gabe, eta hori zuzen-zuzenean joaten da Ipar Euskal Herrian dagoen giro politikoaren kontra». Agertu zutenez, Aieteko Adierazpenaren alde ordezkari politiko guztiak bildu dira, hasi abertzaleetatik eta eskuin frantseseraino, baita Pariseko Gobernuan den PS ere.

Jendeari deialdia egin zieten kalean jarraitzeko, konponbidea nonbaitetik etorriko bada, kaletik etorriko dela konbentzituta baitaude. Bezperan, Beñat Atorrasagastiren lagunek antolatuta, elkartasun kontzertu batzuk izan ziren Berako Kaxerna gaztetxean. Estrikalla, Zuloak, Surfin Kaos eta Rat-Zinger aritu ziren, eta gero Zumitrenko eta OK3Ne. Leporaino bete zen gaztetxea eta giro ederra sortu zen.

Egun berean, 32 lagun elkartu ziren Eskuernagan presoen alde, eta 250 Aretan Laudioko alkate izandako Pablo Gorostiaga askatzeko eskatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo