GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Jaialdia

Etxebesteren omenaldiak inor ez zuen triste utzi

Igeldotarraren egunean, jendeak eta kirolariek erantzun bikaina eman zuten.

p036_f01-97x128.jpg

Jon LEUNDA

Sekulako jendetza batu zen atzo Leaburuko Diva pabilioian Joxe Etxebeste aizkolariari omenaldia egiteko. Nahiz eta sekulako hotza egin, zaleek agertu nahi izan zuten igeldotarraren omenaldian parte hartzera.

Saioa hasi aurretik hainbat eta hainbat opari jaso zituen Joxe Etxebestek. Hanka hautsita dago, eta makuluen laguntzarekin ibili behar izan zuen, baina pozik ikusten zen igeldotarra.

Lehen ekinaldiak amaituta, hiru lehiaketa jokatu ziren, hirurak ere oso gustagarriak, eta zaleek gozatu ederra hartu zuten. Herriarteko Txapelketa izan zen agian denetan erakargarriena, orain arte ez delako aizkoran inoiz jokatu, eta Zizurkilek eraman zuen garaipena. Joseba Otaegik eta Jon Irazuk osatu zuten taldea, eta bien artean oso ongi moldatu ziren. Herri berekoak izateaz gain, auzokoak ere badira, eta bi gazte hauek une honetan duten sasoia ere ikaragarria da. Finalean Etxarri menderatu zuten, Nazabal eta Erdozia, alegia.

Bakarkako saioa ere jokatu zen, eta hori Aitzol Atutxak irabazi zuen. Bizkaitarra sasoi betean dago, eta atzo ere agerian utzi zuen. Bigarren postuan, berriz, Juanjo Lopez sailkatu zen, eta hori berri oso ona da, Lezaungoak arazo asko izan baititu azken hilabete hauetan. Badirudi zulotik irteten hasi dela eta berriro ere, azkenaldian ez bezala, duena erakusteko moduan izango dela.

Azkenik, beteranoen torneoa ere jokatu zen. Horrek ere ikusmin handia piztu zuen, plazetan ia ez baitira ikusten. Garaipena Miel Mindegiak eta Antonio Jaunarenak osatutako bikoteak lortu zuen, finalean Patxi Larretxea eta Joxe Juan Barberena mendean hartuta.

Bestetik, Joxemari Olasagastik apustua egin du Felix Etxeberriaren eta Oihan Larretxearen aurka. Olasagastik lau oinbiko eta hamar kana-erdiko moztu beharko ditu. Etxeberriak eta Larretxeak, berriz, bakoitzak bi oinbiko eta bost kana-erdiko, guztira lau eta hamar. Alde bakoitzak 3.000 euro jokatuko ditu, eta martxoaren amaiera aldera ikusi ahal izango omen da neurketa hau.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo