GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Ahaztu ezin diren oroitzapenak

Bi urte pasatxo igaro dira eta oraindik ere irudi hura buruan daukat, hunkitu eta oroimenean ondo grabatuak geratu zaizkidan beste irudi, hitz edo egoerekin batera. Kaxa horretan biltzen direnak, hori, kaxan mantentzen dira, harik eta aktibatu eta freskatuko dituen akuiluak iritsi bitartean.

Nahi baino gehiagotan sumatu dugu inguruan torturaren zirrara. Kontakizun latzak entzun ditugu, inoiz ikusi beharko ez genituen argazki eta irudiak ikusi. Hori hala, tortura hitza entzun eta niri emakume baten begi hezeak etortzen zaizkit kaxa horretatik segidan burura. Semea etxetik, gauez, eraman zutela egun batzuk baino ez ziren igaro eta jada iritsi ziren hark komisarian pasatako kalbarioaren oihartzunak. Indarrak batu eta pankartari helduta abiatu zen torturaren aurkako manifestazioaren buruan eta Antiguako tunelean sartu eta «Ez ez ez, torturarik ez!» ozen entzutearekin batera busti zitzaizkion begiak; bereekin batera irudi hura ikusi genuen gehienenak, begi larri haiek asko zuten esateko. Albora begiratu zuen, beste begi batzuen bila eta segidan iritsi zitzaion lasaituko zuen begirada konplizea.

Lotsati agertzen ziren malkoek bost egun luzez bizitako egonezinaren traza marrazten zuten, haren beldurra eta drama. Seguru nago emakume hark ere tortura hitza entzuten duenean oroimenaren kaxa horretan zizelkatuta dituen egun luze haietako kalbarioaren oroitzapenak berritzen dituela. Atxiloketa baten berri duen bakoitzean, komisarietara eramaten dituztenen eta haien berrien zain etxean geratzen direnen lekuan jartzen dela ezinbestean; ezin bestela.

Segur nago, Euskal Memoria Fundazioak egin duen lanak barrenak astindu dizkiola, samina eragin diola, oroitzapenak berritu dizkiola, ziur. Liburuaren aurkezpen ekitaldian bertan parte hartu zuten lagunei ere halako zerbait atzematen zitzaien begiradan; uneren batean, nahi gabean, guztiei egin zien salto buruak oroitzapenen kaxara. Handik itzuli eta tinko begiratzen zuten, baina berriz ere aurrera, indarrak hartuta, emakume hura espaloietatik jasotako elkartasun keinuek tinkotu zuten gisa berera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo