GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

222.918 arrazoi ardurak eskatzen hasteko

Hego Euskal Herrian 222.918 pertsona zeuden langabezian azaroan; aurreko hilabetearekin alderatuta, 3.847 lagun gehiago; oso datu txarra, azken urteotako txarrena. Langabeziaren bilakaera kaskar honek argi erakusten du, alde batetik, Gobernu espainolak -bai PSOEk bai PPk- azken urteetan onartutako lan merkatuko erreformak tresna bikainak bilakatu direla enpresaburuek langileak edonola kaleratzeko. Lanpostuak sortzeko neurritzat saldu zituzten orduan, baina lanpostuak suntsitu baino ez dira egiten, eta mantentzen direnek gero eta prekarietate handiagoa dute. Eta, bestetik, Euskal Herriko datuak, azken urtekoak bederen, Estatu espainolekoak baino dezente kaskarragoak izateak agerian uzten du herri honetako instituzioek, Lakuako eta Iruñeko Gobernuek batez ere, ez dutela asmatu arazo honi aurre egiten. Datuek ez dute gezurrik esaten, eta datuen atzean ezkutatzen diren lagunen istorio latzak oso egiazkoak dira.

Ezin argudia daiteke lagun horiek guztiak krisiaren eraginagatik daudela langabezian, gauza nabarmena baita krisi hori berori beste modu batean kudeatu balitz zenbaki hori apalagoa izango litzatekeela. Langabeziari aurre egitea baino, beste auzi batzuei erantzutea izan da agintarien lehentasuna. Hori izan da beraien hautua. Horregatik, ardurak eskatzen hasteko garaia da, 222.918 arrazoi daude horretarako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo