GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ezkerreko indarrei dei egin die Bizkaiko Bilduk, «bidezko» aurrekontuak lortzeko

GARA | BILBO

Bizkaiko Bilduk 2013. urterako herrialdean osatuko diren aurrekontuen garrantzia nabarmendu zuen atzo, eta ezkerreko indarrei «bidezko aurrekontuak» lortzeko deia egin zien.

Koalizio abertzaleak adierazi zuenez, datorren urteko aurrekontuek «itzelezko garrantzia» dute, «bizi dugun egoera latzaren aurrean, baliabide ekonomikoak nola kudeatuko ditugun» erabaki beharko delako.

Bilduren iritziz, «gizarte arloko beharrak handituz doaz, egoerari aurre egiteko neurri ausartak ezinbestekoak dira eta eskubide sozialak bermatzeko iniziatiba politikoa izatea sekula baino garrantzitsuagoa da». Hortaz, aurrekontu horiek «gizartearen beharretara bideratutakoak» izan behar dutela nabarmendu zuen koalizioak.

Kritikak EAJren gestioari

Bizkaiko Bildu oso zorrotz agertu zen Jose Luis Bilbaok zuzentzen duen aldundiaren orain arteko jokaeraren inguruan: «Bilbao jaunak eta bere gobernu taldeak Bizkaia zorpetu egin dute. Aldundiaren hitzetan, Bizkaiko kontu publikoen 1.200 milioi euroko zorrari egin behar diote aurre». Zifra hori, koalizioaren ustean, ez da egiazkoa: «Bizkaiak badu ezkutuko zor bat, 1.000 milioi eurotik gorakoa. Merkataritza foru sozietateei dagokien zorra da. Nork ordaindu behar du inoiz aipatzen ez duen 1.000 milioi euroko zor hori?», galdetu zion Bilduk ahaldun nagusiari.

«EAJk aurkeztutako aurrekontuen aurka agertu behar dugu geure burua ezkerrekotzat dugun guztiok», ohartarazi dute Bilduko ordezkariek. Gainera, aurrekontu alternatiboa aurkeztu dutela azaldu zuten, «eragileek, gizarte mugimenduek eta sindikatuek eginiko ekarpenak jasoko dituena».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo