GARA > Idatzia > Euskal Herria

Iñigo Urkullurentzat Donostiako metroa «lehentasuna ez izatea» espero du Izagirrek

GARA | DONOSTIA

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak datorren Lakuako Gobernuarentzat Gipuzkoako hiriburuko metroa «lehentasuna ez izatea» espero duela adierazi zuen atzo ETBn egindako elkarrizketan.

Izagirreren esanetan, Donostiaren erdialdeko lurpeko tunela eraikitzea «ez da inolaz ere lehentasuna izan behar duen proiektua».

Alde horretatik, metroa hiriaren erdigunera helduko dela gogorarazi zuen, bere ustez, «bizikletaz, oinez edota Europa mailan eredugarria den garraiobide publikoan, alegia, hiriko autobus zerbitzuan mugitzeko askoz egokiagoa eta erosoagoa den ingurunera, alegia».

Bide horretan, gogor kritikatu zuen proiektu horren inguruan orain arte egindako kudeaketa: «Gauzak oso gaizki egin dira. Gobernu aldaketa gauzatzeko bi hilabete falta direnean obren adjudikazioa egitea sekulako azioa delako».

Izagirrek itxaropenik baduela agertu zuen Lakuako Gobernu berriaren gainean galdetu ziotenean: «Gobernu berria sortzen denean, haiekin egongo gara euren ikuspuntua ezagutzeko, baina gure ustez, bestelako lehentasunak dauzka hiriak».

«Bilduk Topoa guztiz babesten du eta euren funtzioa defendatzen dugu. Gure ustez, honen zerbitzua hobetzea litzateke hiriarentzako egokiena», adierazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo