GARA > Idatzia > Euskal Herria

Parisek euskal gatazkan duen esku hartzea agerian uzten duen liburua kalean

p016_f03_111x111.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Euskal gatazkaren konponbide prozesuan Estatu frantsesa erakusten ari den inplikazio eza salatu nahian Anai Arteak «Frantziaren esku hartzea euskal gatazkan» liburuxka kaleratu berri du.

«Giza eskubideen aberria den Estatu frantsesak, Estatu espainolaren konplize denak, bere erantzukizuna ukatu du beti euskal gatazkan. Badakite bakea nahi badute zer egin behar duten: egin-minak aitortu», nabarmendu zuen Michel Mendiboure Anai Arteako kideak.

Estatu frantsesaren esku hartze hori frogatzeko, Ipar Euskal Herriko herritarrek euskal gatazkan «sufritu eta umiliazioak» pairatu dituztela erakutsi nahi izan dutela gehitu zuen.

Liburuxkak, izan ere, urteka, preso sartuak, atxilotuak edo komisaldegira deituak izan diren Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako ehunka herritarren izen eta deiturak, herrika banatuak, biltzen ditu. IK zein ETAren borrokaren ondorioz atxilotuak izan diren herritarrak agertzen dira frantsesez eta euskaraz idatzia dagoen liburuan. 1964an hasi eta gaur egun arte, 288 lagun preso sartuak izan dira, eta beste 461 atxiloketa izan dira. Battitta Larzabal Anai Arteako ordezkariak, bestalde, Estatu frantsesak izan duen inplikazio horretan «bi salto kualitatibo» izan zirela zehaztu zuen.

Lehenengoa 1979an izan zen Gobernu frantsesak errefuxiatu estatutua kendu zuelarik. «Estatutua desagertu eta, 1994an, Alderdi Sozialistaren agintaritzapean errefuxiatuen lehenengo kanporaketak etorri ziren», esan zuen. Bigarren maila Aurore Martinen kanporatzearekin gainditu zutela gehitu zuen «askatasun adierazpenari eraso eginez».

Gobernuari helarazia

Liburuxka lekuko agintari politikoei ez eze, egungo frantses ministroei helarazteko asmoa dauka Anai-Arteak. «Suprefetari emanen dizkiogu liburuak Lebranchu, Valls eta Hollande ministroei eman diezazkien», erran zuen Mendibourek. Liburuxkan dauden zenbait huts zuzendu bezain laster, Euskal Memoriara eramateko asmoa ere badute. Gainerateko ale guztiak zazpi euroan salgai jarriko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo