GARA > Idatzia > Euskal Herria

Karmele Solaguren gogoan, dispertsioaren amaiera eskatu dute

Eszenografia sinplea baina deigarria baliatu zuen euskal presoen ama talde batek dispertsioaren amaiera eskatzeko atzo, Barañainen. Hain justu bertakoa zen Karmele Solaguren gogoratu zuten, semea Alcala-Meco kartzelara bisitatzera zihoala auto istripuz hil zela zortzi urte bete baitziren atzokoan. Usurbilen, berriz, Ramon Uriberen berehalako askatasuna eskatu zuten, astelehenean, alegia, libre gelditu behar zuen egun berean, 197/2006 doktrina ezarri baitzioten.

p015_f02.jpg

GARA | IRUÑEA

Aurpegia zuriz margotuta eta masailetik behera malko beltz bana. Ezpainak ere beltzak, eta, alkandorak, berriz, zuriak. Hala eskatu zuen dispertsioaren amaiera atzo Barañainen egindako flash mob-ean Iruñeko euskal preso politikoen ama talde batek. Umorea lagun, «Sonrisas y lágrimas» musikal ezagunaren izenburuari bira bat eman zioten, «Más sonrisas y menos lágrimas» eskatu baitzuten flash mob-ean.

Nafarroako beste herri batzuetan aurkezpena egin ostean, atzo Barañainen txanda izan zen. Izan ere, zortzi urte bete ziren atzokoan Karmele Solaguren herriko bizilaguna auto istripu batean hil zela, bere seme Ekain Gerra Alcala-Mecoko kartzelara bisitatzera zihoala.

Antzezpena mezu batez lagundu zuten. «Dispertsioa sufritzen daramatzagun 23 urteotan, euskal presoen hamasei senide eta lagun hil dira jada kartzelara bidean errepidean izandako istripuetan», adierazi zuten. Bestalde, halako gertaeretan zauritutako pertsona kopurua «zenbatezina» dela erantsi zuten. Azken ezbeharra azaroaren erdialdean gertatu zen, Leonen. Orduan Ines del Rio eta Josu Bravo presoen hiru lagunek izan zuten istripua; ez zuten zauri larririk jaso, baina, autoa, aldiz, txikituta geratu zen.

«Estatuek uko egiten diote zigor honi amaiera emateari, baina aurten dagoeneko hiru istripu larri gertatu dira», salatu zuten. Azkenik, dispertsioak eragiten duen gastu ekonomikoa handia dela kritikatu zuten, izan ere, batez beste familia bakoitzak 20.000 euroko kostuari aurre egin behar dio urtean.

Aho batez onartutako mozioa

Aldarrikapen eguna izan zen atzokoa Usurbilen ere, kasu honetan Ramon Uribe euskal presoaren berehalako askatasuna exijitzeko. Eskaera hori egiteko atzo 200 lagun baino gehiago bildu ziren plazan. Ordezkaritza anitza izan zen: alderdi politikoak, udal ordezkariak, herri elkarteak, herri mugimenduak, senideak eta lagunak.

Alderdi politikoek ere bat egin zuten asteazkenean, Usurbilgo Udalbatzak mozio bat onartu baitzuen aho batez Bildu, Aralar, H1 eta EAJren botoekin. PSEko zinegotzia ez zen bertaratu.

Uribe usurbildarra astelehenean zen aske gelditzekoa, espetxean hemezortzi urte eta erdi igaro ostean. Aldiz, azken unean 197/2006 doktrina ezarri zioten. «Jokamolde krudela izan da bai Ramonekiko bai bere senide eta lagunekiko ere. (...) Itxaropen izpi apurrak erabat zapuztuak geratu dira Gobernuak daraman politika mendekatzaileagatik», adierazi zuen Herri Asanbladak.

Ines del Rioren auzian Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Madril kondenatu zuenetik, 197/2006 doktrina aplikatzen duten lehen aldia da Uriberena. Usurbildarra bezalaxe, Juan Ramon Rojo ere astelehenean zen libre geratzekoa, baina kartzelan jarraituko du gutxienez asteazkenera arte, orduan erabakiko baitute «Parot doktrina» ezarriko dioten edo ez. Etxeratek salatu duenez, Rojok kartzelan jarraituta «de facto» ezarri diote jada 197/2006 doktrina.

Manifestazioa

Ramon Uriberen berehalako askatasuna eskatzeko manifestazioa deitu dute gaur, 19.00etan, Usurbilen. Halaber, taberna, denda nahiz balkoietan «Ramon askatu!» dioten kartelak jartzeko deia egin dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo