GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Haien konstituzioen ordez, geurea

Guk, konstituziorik ez dugunez, berria egiteko aukera dugu aurrean. Nahi dugun konstituzioa egiten ahal dugu. Herriaren araberako, gure ibilbidearen neurrikoa, gure aniztasun eta aberastasunaren modukoa

Duela hamabost urte, 1997ko abenduaren 6an, preso sartu ninduten espainiarrek, orduko Mahai Nazionaleko beste kideekin batera. Espainiar konstituzioaren besta ospatzeko modu ederra, zinez, euskal herritarrak kartzelara eramatea. Espainiar eta frantziarrek, deitu liberalak, deitu errepublikarrak, deitu nahi duzuen moduan, euskal herritarrei erasotzen eraikitzen dituzte beren konstituzioak. Frantses iraultzaren ondotik argiki erakutsi ziguten noraino iristen ziren liberté, egalité eta fraternité hitz ederrak Euskal Herriarekin talka eginez gero, esaterako. Konstituzio horiek ez dute inoiz ekarri, ezta ekarriko ere, guk bizirauteko behar dugun oxigenoa. Guretako toxikoak dira, finean, toxiko izan nahi dutelako, gu herri gisa desegin eta geure bidea har dezagun galarazteko eginak daude-eta!

Atxilotu gintuzten espainiar konstituzio egun petral hura urrun dago, egia esan. Euskal Herrian 15 urte asko dira. Aldaketak begi bistakoak dira, gaur egun euskal konstituzioaren aldeko indarra biderkatu delarik, frantses eta espainiar konstituzioekiko atxikimena gainbehera doan bitartean. Herriak aurre egin dio, arrakastaz egin ere, izugarrizko erasoari. Indarraz, kemenaz, baita abilezia politikoaz ere, akatsak handiak izan arren, handiagoa izan baita norabidea egokitu eta emankorki aritzeko determinazioa. Uztak salneurri latza ekarri du, berriz, duela 15 urte gertatzen zen moduan, herritar asko preso edo atzerrian baitaude, oraingoz, espainiar eta frantses agintarien jarrera erabat itxia delarik.

Orain, nonbait, hainbat inkestak esandakoaren arabera, espainiarrek ere sorbalda eman diete beren konstituzioari. Norena da, orduan? Gurea ez, argi dago. Katalanena ere ez, bistan denez. Gutxi batzuena dela pentsatu behar dugu, honenbestez, Espainiaren aitzakiaz bestelako negozio ekonomiko, politiko eta ideologikoak bilatzen dituztenena.

Guk, konstituziorik ez dugunez, berria egiteko aukera dugu aurrean. Nahi dugun konstituzioa egiten ahal dugu. Herriaren araberakoa, gure ibilbidearen neurrikoa, gure aniztasun eta aberastasunaren modukoa. Herriak egina, herriari begira egina, hitza eta erabakia herriari eta ez elite batzuei emateko. Geure estatua izateko, urrats batzuk egin beharko ditugu aurretik. Oinak lurrean ezarri behar dira, indarrez ezarri ere, jauzi ederrak eman ahal izateko. Nazioa hezurmamitu behar dugu, zatiketak gaindituz, derrigorrez. Baina ez dugu gauza handirik eginen, ene ustetan, etorkizunari erronka handiak luzatzen ez badizkiogu.

Bestela esanda, ez gaude geure konstituzioa, behin betiko, era ofizial homologatuan idazteko tenorean, baina, agian horregatik, herri gisa bestelako ofizialtasuna, geure ofizialtasuna sortzen joan beharko dugu. Hau da, idazten hastea komeni zaigu, herritarrok idatzi ere, biharkoa irudikatzen joateko. Ideia orokorrak baino gehiago ditugula islatzeko. Bitartean, Independentistak Sareak auzolanean idatzitako panfletoak dioenez, gu bagoaz, joateko hamaika arrazoi dauzkagulako. Goazen, ba, geure estatua eraikitzera, geure konstituzioa egitera. Konstituzioaren eguna ospatzeko inor preso sartuko ez duen estatua osatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo