GARA > Idatzia > Kultura

Durango, kulturaren topagune

Bizargabeak akuilatzen... Bizardunak!

Anartz BILBAO

Elviz(caino) -eta bergararra da bera!- parebakoaren aurkezpenaren ostean eszenaratu da Bizardunak. Bederatzi dira guztira nafarrak, aldatu dira Bizardunak -dagoeneko ez da bizarrik behar taldekide izateko? Soinuz ere -ez da ondoegi entzuten- aberatsagoa sumatu dugu taldea, landuagoa. «Ur ederra kirats infinituan» plazaratu berria du taldeak, Baga-Biga etxean. Gora egin dute garapenetan, baina horrek baditu bere arriskuak, moteldu egiten baitie famatu egin dituen proposamena; «ez dugu `Nazi de fresa' joko -bota dute, zaleen aldarriari entzungor- helduaroan gaude!». Horrela izan ez dadin, zakar ahalegindu da Josemari abeslaria. Gauak guztiz eztanda egin ez badu ere, bigarren txanpan sutu da giroa: Castrori bibak, reggaetoia debekatu duelako; Taxoaretik Lezamara doazen futbolariei «Gerrako haurrak» deitu, imintzioka Alex Sardui edo Eñaut Elorrietaren plantak egin... adar-jotzeak ez du etenik hemen. Abeslariak, kantu batetik besterako tarteetan, garagardo latak haginkadaka ireki eta lehen lerroak blaitzeko beta ere hartu du, baita taldekideekin borrokan egin edo burukadaka ibiltzekoa ere.

Lehen diskoak Konstituzio espainolari aiztokadaka ageri zuen taldeak kristorenak bota ditu beste behin («Konstituzio» egunez), diskurtso politikoa egin eta zaleak akuilatuz. Umore berezia dute, abeslari baten tisertak argitzen duenez: Ciclos Iturgaiz taldearena da.

Aspaldiko kantuak dira guztietan ospatuenak: «Yo luche», «Oreoak»...; nerabeak oholtza hartzen ere ausartu dira, eta bederatzi gutxi balira bezala, dozena bat dira orain oihuka agertokian.

Vendettak bizkortu egin zuen giroa. Boskoteak «Fuimos, somos y seremos» (Baga-Bigan hau ere) hirugarren lana du aurkezgai, Karibeko doinu epelak gordetzen dituena ska bizkorra ardatz hartuta -ahotsean bost musikariak txandakatzen dira gainera, gazteleraz eta euskaraz-. Agertokian gora eta behera imintzioka dabiltza tronpeta eta tronboia, pozik da hara eta hona baxu jotzailea ere. Musikari iaioak eta eskarmentudunak dira, bizkor jotzen dute, garbia da soinua... eta nerabeak zoratu dituzte. Ospatuenetarikoak dira Hertzainakek euskarara ekarri zuen «Egunero» kantuaren bertsioa, «The Monsters Theme» edo, nola ez, «Begietara begira» hit-a. Dagoeneko tripa biguna dugunok baina, aurreko saio garratzean jarri dugu arreta handiagoa. Ordu biak hurbil direla agudo egin dugu alde Plateruenatik, zurrunbiloan erori baino lehen. Gaur beste horrenbeste izango da Betagarrirekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo