GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zerkausia topaleku, Txuletaren feriak hartuko du bihar arte Tolosako erdialdea

p017_f02.jpg

Oihane LARRETXEA | TOLOSA

Bere eguneroko itxura zertxobait eraldatu du Tolosako Zerkausia ederrak. Pertsiana sendoekin kaleko eguraldi petraletik babestuta, eta barrualdea berogailu mugikorrekin goxatuta, Txuleta Festa martxan da, eta igandera arte jende andana jasoko du. Argi dago, babarrunak edota teila eta zigarrotxoak baino askoz ere gehiago duela eskaintzeko Gipuzkoako lurraldearen hiriburu izandakoak.

Dagoeneko zazpi urte dira lehen aldiz feria martxan jarri zela, eta erabat finkatuta dago urteko agendan. Hasier de los Rios Kultura zinegotziak ere hala uste du, jendeak kontuan hartzen duen zita dela baitio. Gipuzkoatik bertatik nahiz Euskal Herri osotik bertaratzen den jendea asko izan arren, aurten Madril, Lleida, Burgos eta Valentziako jendea gerturatuko da, besteak beste. Begi bistakoa da askok jai egunok aprobetxatu egin ohi dituela Euskal Herriko hainbat paraje ezagutzeko eta gastronomiaz gozatzeko, hau baita turismoaren oinarrietako bat.

Txandaren arabera leku gehiago edo gutxiago gelditzen dela azaldu du De los Riosek. Esaterako, atzo bazkalorduan ez zen ia eserlekurik gelditzen, eta gaur eguerdian egingo den herri bazkarian zerbait libre badago. Bestetik, biharko eguna, feriaren azkena, beteta dago.

Otordu bakoitzean 200 pertsonarentzat dago lekua, eta orotara 400 kilo txuleta erosi dituzte.

Haragi pieza hauek erretzeko, gainera, punta-puntako profesionalak bertaratuko dira, beste urtebetez horren ardura izango baitute Burruntzik, Oruek, Casa Julianek eta Nicolasek. Laguntzera Eguzkitza eta Isastegi sagardotegietako parrilleroak bertaratuko dira.

Feriaren formatuak funtzionatzen duen arren, De los Riosek onartzen du hurrengo urteari begira buelta bat eman beharko diotela, behintzat aztertu egin beharko dituztela beste formula batzuk, egoera ekonomikora, besteak beste, hobeto egokitzen direnak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo