GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | HERRIRA-REN LIPDUB-A DURANGON

Iragarritako euri tantek ez, elkartasun olatuak busti ditu Durangoko kaleak

Euri zaparrada espero zuten Durangon lipdub-a egin behar zuten ordurako. Ez zen agertu. Zeruak euskal preso politikoen eskubideen aldeko ekimena babestu zuen. Era berean defendatu zituzten Durangora gerturatutako milaka pertsonek. Abeslari, idazle, aktore, eta nola ez, norbanako mordoa, mezu garbia bidaltzeko: «Etxean behar ditugu».

p002_f02_77984.jpg

Mikel PASTOR

Euskaldunak hotzak garela esan ohi da. Serioak. Gurean poztasuna falta dela. Topiko horiek guztiek kolpe latza jaso zuten atzo Durangoko Alde Zaharreko kaleetan. Elkartasunak paretik kendu zituen. Euren etxeetatik urrun dauden ehunka presoak gogoberritzeko adina indar erakutsi zuten atzo bildutakoek.

Topikoak zerrendatzen jarraituz, badago kazetari eta idazleekin lotutako bat. Orri zuriari benetako izua diogula esaten duena. Eta badago gure teklatuaren aurrean blokeatuta geratzea baino askoz kezkagarriagoa dena: ehunka pertsonek sorraraz dezaketen sentimendu eta barne emozio guztiak hitzen bitartez transmititu ezin izatea. Frustrazio goxoa, noski, gurea. Hor daude irudiak. Helburu komun baten bila abeslari, akrobata, pailazo, mago, aktore, presoen senide eta ehunka norbanako ikustea edozein gaitz sendatzeko nahikoa da.

Lana, arrakastaren oinarri

Atzoko lipdub-a arrakasta kuantitatibo eta kualitatiboa bihurtu izanaren arduradun nagusiak, Herrira-ko kideak. Aurreko asteetan eta atzo bertan egindako aurrelanketa funtsezkoa izan da norbanakoak motibatzeko, eta alaia eta koloretsua den ekitaldia eduki politiko sakonez betetzeko.

Hori da ekintza honek lortutako emaitzarik onena. Aldarrikapena, mezua, estatu frantsesari eta espainolari esan beharrekoa argi eta garbi botatzea, inolako konplexurik gabe. Formatu berritzaile, parte hartzaile, alai, koloretsu eta erritmikoan, bai, baina betiere argi izanez euskal presoen Euskal Herriratzea ekintzaren ardatz eta motore dela.

Aurrekoak ez du esan nahi ekitaldi ederra izan ez zenik. Guztiz kontrakoa. Gidoilari, kamera, eta noski, Herrira mugimenduko boluntario guztiek ikuskizun eder bezain hunkigarria marraztu zuten.

Hasierako beldurrak gaindituz

Eguna borobila izango zela ordu batzuk lehenago igar zitekeen. Arratsaldeko hiruretarako jendetza bilduta zegoen Landakon, zanpantzarrek zuzendutako kalejiran Durangoko alde zaharrerako bidea girotuz.

Hara heltzerakoan Herriraren deialdiak izandako oihartzunaren indarraz ohartu ginen denok. Andra Mariako portaletik hasita, Goienkale, Artekale eta Santa Ana plaza leporaino beteta zeuden aurreneko grabaketa hasi baino askoz lehenago.

Denbora luzean esperotako ekintza batek soilik sor dezakeen urduritasuna nabari zuten kamera, zuzendari eta enparauek. Tentsioa, azken orduko zehaztasunak, denak euren tokietan, ibilbidearen proba jendea berotuta dagoelarik, hastera goaz...

Eta lehendabizikoan, musikaren bateria hondatu zen. Zoramena. Bateria aldaketa, soinu probak, dena ondo, goazen aurrera. Unai Iturriaga bere tokian, hasieran, prest.

Hortik aurrera, topera. Euskaldunok ezkutuan omen daramagun alaitasunaren eta lotsagabekeriaren orgasmoa. Afrodisiako magikoa balitz bezala, kameraren agerpenak mila koloretako eztanda eragin zuen.

Artekale, leporaino. Kaleak estuegi zoramena kontrolatzeko. Mundua kamera baten aurrean alboetatik erortzen.

Andra Marian, magia lipdub bihurtu zen. Ekilibristak, akrobatak, magoak... denak balio du presoekiko elkartasuna mundu guztira zabaltzeko.

Goienkalen gora, ardiak, errugbi jokalariak, eskopetariak, mimoak, sentimendu guztien atari.

Itsasikara kontrolaezin horren edukiontzi bihurtu zen Santa Ana. Jendetza batuta. Begiak bustita. Ukabilak gora. Eta aho batez, herri oso baten nahia eta beharra: «Euskal presoak, etxera».

 

U-12rako «alderdi guztiak inplikatzea» eskatu du Herrirak

Lipdub-a arrakasta itzela izango zela jakin baino lehen, Ane Zelaia eta Beñat Zarrabeitia, Herrirako bozeramaileak, hedabideen aurrean agertu ziren, atzoko ekimenaren eta etorkizunean burutuko diren ekintzen norabidea zehazteko. Bien aburuz, atzokoak «ekimen koloretsua, herrikoia eta parte hartzailea izan nahi du, baina batez ere, aldarrikatzailea, presoen eskubideak bete daitezela eskatzen du».

Bide horretan, urtarrilaren 12an Bilbon ospatuko den manifestaziorako gonbita luzatu zuten: «Norbanako, alderdi, sindikatu zein eragile sozial guztiei deia egin diegu nazio mobilizazio orokorrean parte hartzeko. Pankarta horren atzean denontzako kabida dago. Euskal gizarteak garbi utzi du dispertsio politikaren kontra dagoela, eta alderdiek euren borroka partidista alboratu beharko luketela uste dugu, giza eskubideak defendatzeko».

«Urtarrileko mobilizazioa gero eta atxikimendu gehiago batzen ari da arlo ezberdinetatik, bai Euskal Herrian zein atzerrian. Egungo egoeran, gizartea konponbidearen alde dago, eta alderdiek ezin dute bizi errealitate horren kontra, ezin diote bizkarra eman», azpimarratu zuen Beñat Zarrabeitiak. M.P

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo