GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

marije fullaondo, asier lauzirika | ezker abertzaleko kideak

Unibertsitatetik Euskal Herria ezkerretik eraikitzera

UPV-EHUn berriki ospatu diren hauteskundeetan izandako parte hartze eskasa kezkatzekoa da, ezker abertzaleko kideen ustez. Diotenez, emaitza horiek unibertsitate publikoko agintariek parte hartzea bermatzeko izan duten interes ezaren ondorio dira, bai eta eztabaida politiko ezarenak ere. Egungo unibertsitate eredua agortuta dagoela uste du ezker abertzaleak, eta bestelako eredua bultzatzeko hautua egin du, «urteetan unibertsitate barrutik zein kanpotik egindako lan eta borrokaren bidean eraikitzen joan garena».

Iragan abenduaren 4an errektore hauteskundeak egin ziren UPV-EHUn. Hautagai bakarra zuen komunitate unibertsitarioak bere aurrean: Iñaki Goirizelaia, lau urte luzez unibertsitate hori gidatu duen pertsona bera. Ezustekorik gabe, hark lortu zuen garaipena, bere agintaldia beste lau urterako luzatuz. Hauteskunde prozesu honetatik bi gauza nabarmen ditzakegu: parte hartze eskasa eta eztabaida politiko eza.

Parte hartzeari dagokionez, datuek argi eta garbi hitz egin dute: bozkatzera deituta zeuden 51.566 irakasle, langile eta ikasleetatik soilik 4.566k bozkatu dute; komunitate unibertsitarioaren %10 baino gutxiago, alegia. Eta bozkatu duten apur horietatik %55ek besterik ez dute Goirizelaiaren alde egin. Hortaz, gutxi gorabehera komunitate unibertsitarioaren %5ek babesten duen errektorea izango dugu UPV-EHUren gidaritzan. Horra hor errektore horrek duen zilegitasuna. Baina, zilegitasun hori baino kezkagarriagoa da parte hartze maila baxu hori ekarri duen arrazoia: hautagai bakarra egon izana? Interes falta? Hauteskunde kanpaina epela?... Asko dira egin ditzakegun hipotesiak, baina bada ageri-agerian geratzen den bat; parte hartzea bermatzeko interes eza, mekanismo falta eta horrek islatzen duen demokraziaren ikuspegi «bitxia», hain zuzen ere. Horren isla izan da egondako abstentzio ikaragarria. Hori eta egungo ereduarekiko atxikimendu eza, zalantzarik gabe.

Parte hartzeaz gain, eztabaida politiko eza da nabarmendu beharreko beste elementu bat. Eztabaidagaien artean (eztabaida epela izan bada ere), gehienbat gestio hutsezko elementuak gailendu dira, eta ez unibertsitateak XXI. mendeko Euskal Herrian dituen erronka estrategikoen aurrean bete beharreko funtzioen ingurukoak. Hori bereziki larria suertatzen da, jakinik unibertsitatea dela herri baten biziraupen eta garapen ekonomiko, politiko, sozial, kultural eta linguistikoa bermatuko duten profesionalen zein intelektualen formazio gunea; hots, etorkizuneko jendartea eraiki beharko lukeen akademia eta zientzia gunea. Hori horrela izanik, kontua ez da UPV-EHU nork gestionatuko duen edo zein estilorekin; baizik eta zer-nolako unibertsitate eredua bultzatuko duen eta zertarako. Eta argi geratu da hauteskunde kanpaina honetan egindako proposamenak egungo eredua iraunarazteko soilik balio duela.

Aspaldi esan genuen egungo unibertsitate eredua agortua zegoela; unibertsitarioen zein herri sektoreen urteetako borrokari esker erakutsi ere egin dugu. Marko autonomiko zatikatzailea eta egungo eredu ekonomikoa mantentzeari begira sortutako unibertsitateak topeak jo zituen aspaldi. Goia jo du, Euskal Herriaren eta euskal herritarron behar formatiboei erantzuteko egiturazko mugak dituelako. Hamaika dira hori erakusten diguten adibideak. Euskararen eremuan, UPV-EHUren sorreratik 30 urte pasa direnean, oraindik ere ez da betetzen euskaraz ikasteko eskubidea; urriak dira materialgintzan zein ikerketan euskaraz egindako lanak, ingelesa bera ere gailentzen ari zaiolarik; nekeza oso gertatzen da euskaraz bizitzea... eta inondik inora ez dugu UPV-EHU gure herriaren euskalduntzea eta euskaldunon hiztun komunitatea indartzeko eragiletzan. Demokrazia eta parte hartzeari dagokionean unibertsitateak botere harreman zurrunen gotorleku izaten jarraitzen du: botere faktikoen mantentzea, estratifikazioan oinarrituriko bozka haztatua hauteskundeetan sektore batzuen erabateko boterearekin, inposizioa eta hierarkia zurrunak, kontrola eta kolore guztietako indar polizialak... Horrekin batera, Bolonia prozesuaren harira, full time figura nagusitzen ari zaigu unibertsitatean; ikasle, irakasle zein ikerlariak meritokrazian oinarrituriko produkzio akademiko neurtuaren gurpilean sartuak izan dira. Gainetik, hori guztia, espainiar Estatuaren eta interes ekonomiko kapitalisten interesen arabera egituratzen da, ikerketak, titulazio mapak, bekak eta diru laguntzak... bereziki horietara bideratuz (kalitate agentzia arrotzen menpe betiere).

Panorama beltz horren aurrean, ordea, badugu alternatiba, urteetan unibertsitate barrutik zein kanpotik egindako lan eta borrokaren bidean eraikitzen joan garena; bakoitzak bere esparrutik helburu komun batekin egindako txindurri lanari esker. Hauteskundeetako gestio lehiatik atera, eta estrategikotasunez heldu behar diogu unibertsitate ereduen inguruko aferari; abiapuntua zein helburua argi izanik, horretara iristeko jorratu beharreko bideak adostuz. Euskal Herriak eta euskal unibertsitarioek bestelako unibertsitate eredu bat behar dugu, nahi dugu, eta, gainera, izateko eskubidea dugu. Euskaraz ikasi, lan egin, ikertu, sortu, amestu... eta bizi nahi dugulako, unibertsitate euskalduna behar dugu; euskararen alma mater-a izango dena. Herria garelako, parte hartu, gure hitza hartu eta erabaki nahi dugulako, unibertsitate demokratiko eta parte hartzailea behar dugu. Euskal Herriak bizi behar duelako, herriak bizi nahi duelako eta pertsonok aske eta osoki garatu nahi dugulako; Euskal Herriaren eta euskal herritarron beharren zein garapenaren arabera funtzionatuko duen unibertsitatea behar dugu. UPV-EHUk zein egungo bestelako unibertsitateek horri guztiari erantzuteko egiturazko mugak dituztelako, Euskal Herriak bestelako unibertsitate bat behar du, alegia, Euskal Unibertsitatea behar du.

Gure ereduaren eraikuntzaren bidean gaurdanik ekin behar diogu lanari, egindakoari esker laiatutako lurrean haziak ereiten, berandu baino lehen jaso ditzagun auzolanean jorratutakoaren fruituak. Ezinbestean, herri gisa ekin behar diogu Euskal Herriko egungo unibertsitateak saretuko dituen eta eredu berri baten garapena bultzatuko duen unibertsitate sistema nazional eta burujabearen eraikuntzari; dagoena saretuz, sinergia berriak sortuz eta egunez egun unibertsitateetan herri gisa dagozkigun eskubideen alde borrokatuz. Dauden egiturazko mugak ikusita, premiazkoa dugu gaurdanik sistema horren eraikuntza bultzatuko duen erreferente izango den eta gaurdanik gure herriaren behar formatiboei helduko dien Euskal Unibertsitatea, herritik herriarentzat egina. Horrekin batera, eta unibertsitateak herri baten garapenean duen garrantzia eta potentziala aintzat hartuta, unibertsitatetik ere Euskal Herria ezkerretik eraikitzeari ekin behar diogu. Estatu arrotzen zein interes ekonomiko kapitalisten beharrak asetzera baino nazio eraikuntzara eta jendarte eraldaketara bideraturiko ikerketa, titulazio, hausnarketa zein lan teorikoak bultzatuz izugarrizko ekarpena egin dakioke esparru unibertsitariotik etorkizuneko euskal estatu sozialistaren eraikuntzari.

Ez da gutxi egiteko daukaguna. Indar metaketak eta konfrontazio demokratikoak ezaugarrituko duten fase berri honetan, unibertsitatean ere erronka berrituak ditugu gure aurrean. Hain zuzen ere, herritarrekin batera unibertsitateko ikasle, irakasle doktore, ikerlari, bekadun, irakasle prekario, katedradun zein administrazio eta zerbitzuetako langileek gure ereduaren aldeko indarrak batu eta horren eguneroko eraikuntzaren bidez egungo unibertsitate eredu zaharkituari aurre egin eta berau gainditu behar dugu. Zailtasunak zailtasun, herri honek hamaika bider erakutsi du herri ekimenez eta auzolanez egitasmo txiki zein handiak aurrera eramateko duen gaitasuna. Hel diezaiogun bada erronkari eta bil ditzagun indarrak unibertsitate propio, euskaldun, herritar eta nazional baten alde. Goazen, unibertsitatetik ere, Euskal Herria ezkerretik eraikitzera!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo