GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Hautetsiak eta homosexualen ezkontza

Hautetsi izateak ez du herritarren bizimodua epaitzeko eskubiderik ematen, soilik hainbestetan errepikatzen digutena, legea aplikatzeko betebeharra, hemen homosexualak ezkontzea

Ezkontzari buruz norberak bere iritzia badu. Batzuk aurka dira, beste batzuk bizpahiru aldiz ezkontzen dira; norberak bizi pribatua ahal duen bezala darama. Norberak dakusa. Ezkontzeari haurren izatearen eta adopziorako eskubidea lotua da; ondorioz, bikote homosexualek haurren adopziorako eskubidea badute. Lege berriaren bitartez eskubide berdinak bermatuak dira, ezkontza mota bera baita. Ondorioz, homosexualek irain mota asko entzun behar dituzte, gizarte zati atzerakoi batzuk gelditzen baitira. Moral eta bizimodu batzuk hobesten dira, legeen gainetik, bizi pribatuaz ari delarik...

Gizartea aldatuz doa, bikote homosexualek ezkontzeko eskubidea aldarrikatzen dute, aspalditik. Gobernu sozialista honek lege proposamena egin du, zailtasunekin, agerian gelditu den bezala. Ez da gobernu ausarta, baina eskubidearen alde ekinen zuela agindu zuen kanpainan Hollandek. Orain aldarrikapena errealitate bihurtu behar du, eta, familiaz arduratzen den ministroa, Dominique Bertinotti, lan horretan dabil. Azken adierazpenetan ondoko urteko lehen zatian legea bozkatua eta martxan izanen dela dio ministroak. Agindutako legea da, baina badirudi alde desberdinetatik nolabaiteko uzkurtasuna sumatzen ari dela hautetsi andanaren artean; eta hori alderdien gainetik. Legea bozkatzen bada, eskubide bihurturik, auzapezek eta edozein hautetsik ezkontza horiek egiten ahalko dituzte. Baina badirudi auzapez eta hautetsi batzuk ez direla prest lege horren onartzeko. Horri erantzuteko Hollandek azaldu du norberaren kontzientziaren ezintasuna kontuan hartuko zela. Ontsalaz auzapez batek ez badu eskubide bat errespetatzen, legea ez badu errespetatzen alegia, prefetaren zigorra jaso lezake. Ez da oraindik argi zenbateraino doan erresistentzia, lehen manifestaldiak iragan dira eta datorren urtarrilaren 13rako Copek manifestaldia deitua du.

Ez genuen uste lege honek erreakziorik sortuko zuenik. Zalantzarik gabe, erlijioaren berpiztearen seinaleak baditugu, aitzineko egunetan Miarritze-Baionako gotzainak biziaren aldeko kolokioa antolatu baitzuen. Homosexualen ezkontzarekin beste gurutzada bat pizten ari zaigu hemen berean. Bazirudien debate horiek hiri handietan eramanen zirela. Baina batere, hemen berean, hautetsi batzuek ezkontza eta haurren adopzioaren kontra, iritzia agertzeko beharra izan dute. Estatu mailan abiatutako petizioan Ipar Euskal Herriko hamabi auzapez proposatutako legearen aurka azaldu dira. Horrez gain, batzuk desobedientzian sartzeko prest agertu dira, bizi pribatua hunkitzen duen gai baten barnean! Eskubide murrizketak diren garai honetan, askotan eskubide zibil eta politikoen defenditzeko hain hotzak diren auzapezak ditugularik, batzuen kasuan behintzat, edozein herritar gisan ezagutua izateko aldarrikapenaren aurrean moralaren argumentazioa entzunen dugu. Hautetsi izateak ez du herritarren bizimodua epaitzeko eskubiderik ematen, soilik hainbestetan errepikatzen digutena, legea aplikatzeko betebeharra, hemen homosexualak ezkontzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo