GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Argazki baten indarra

Ezaguna egingo zaizue, ikono bilakatu den heinean. Agian ez duzue aurpegi zehatzik ikusiko, edo konkreturen bat etorriko zaizue gogora; baliteke sekula eduki ez izana esku artean, baina ziur nago beste edozein aldizkariren azala baino azkarrago ezagutuko duzuela: «Time» aldizkari estatubatuarraren Urteko Pertsonarena.

1927an hasi zen aldizkari entzutetsua orrialde osoko argazki indartsu hori gizabanako zehatz bati eskaintzen, unean uneko urtean izandako protagonismoa kontuan hartuta. Ez du zertan meritu miresgarriren edo mundua salbatzeko ekintza historikoren baten egile izan, diktadoreak ere ageri izan dira bertan; irizpide nagusia izandako oihartzuna da. Onera edo txarrera, mundu mailako oihartzuna, are puztuagoa «Time» argitalpenaren eraginez.

Protagonismo hori, gehien-gehienetan, gizonezkoek eraman dute. Irudia sortu zutenetik eta 1999ra arte, Urteko Gizona izan zen azal horren izena; milurteko berriaren atarian aldatu zioten Urteko Pertsona jartzeko, ez zedin sexista izan. Mentalitate aldaketa baten adierazgarri; halere, paperean gutxitan islatu dute, oso bakanak izan baitira «Time»-k nabarmenduriko emakumeak. Aurten, ordea, badirudi emakume ugari daudela azalik famatuenean agertzeko zerrendan -Pussy Riot nesken musika talde errusiarra, Malala blogari pakistandarra, gimnasta bat, zenbait politikari...-; aurten, emakume horietako bat nabarmenduz gero, milioika ale saltzen dituen aldizkariak munduko emakumeei eta beren egoerari eskain liezaieke bere adierazpen eta hedapen plataforma. Munduko edozein lekutako emakume zehatz bat nabarmentzearekin batera, gehigarri, beti, herrialde horretako emakumeen egoeraz hitz egiten baita; normalean, nolabaiteko nazioarteko bozgorailua erdiesten duen emakumeak baliatu egiten baitu emakumeontzako gauzak ez daudela horren samur salatzeko, tokian tokiko berezitasunak, arazoak edo basakeriak hizpide.

Izan ere, edozein herrialdetako egoerari erreparatuz gero, oro har, emakumeok egoera bat gehiago daramagu erantsita, emakume izatea, hain zuzen, eta izaera horri mendetan ezarritako muga, traba eta zama guztiak. Horiek guztiek, ez direnak zerutik eroriak, baizik eta zibilizazio eta jendarte mota guztietan estamentu boteretsuek, alegia, gizonezkoez osatuek, ezarriak eta mantenduak, XXI. mendeko emakumeon bizitzaren zati izaten jarraitzen dute; arinago edo bortitzago, emakume orok senti dezake emakume izatearen ondoriozko zailtasun erantsia. Hori aldatzeko borroka luzeak fruituak eman baditu ere, geure eskubideen aitorpenean, behintzat, urrats handiak eman badira ere, zilegi izaten jarraitzen du emakumearen egoeraren gainean fokua jartzeak, argia emateko eta gertatzen dena, edo ez dena, plazara ateratzeko. Dela aldizkari baten bidez, dela bestelako ehunka bide erabiliz.

Adibidez, gaur, Giza Eskubideen Egunean, horiek guztiak islatzeko ekintzak antolatuz, mundu mailan, Euskal Herria barne. Emakumeen Munduko Martxaren aterkipean, geure arteko elkartasuna lokarri; esangura eta indar handiagoko argazkirik ezin baita aurkitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo