GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Durango, kulturaren topagune

Aurreikuspen guztiak gaindituta, «Durango Hiri Azokari» begira

Egun gutxiagorekin, iaz baino bisitari gehiago jaso ditu 47. Durangoko Azokak. Atzo eguerdian emandako datuen arabera, lehenengo hiru egunetan 106.000 sartu-irten egon ziren, 136.200 atzokoak batuta. Antolatzaileak pozik, gune ezberdinak egonkortu eta salmentak ere ongi joan direlako. Azokari Landako txiki geratu zaiola-eta, «Durango Hiri Azokari» begira jarri dira. Bestalde, Gerediaga elkarteak Jose Ignacio Werten «mezu uniformizatzailea» arbuiatu du.

p002_f02_149x229.jpg

Ane ARRUTI | DURANGO

«Garbi dugu Landakon guztia mugatzeak Azokari berari kalte egiten diola», esan zuen Aiert Goenaga Durangoko Azokako zuzendariak atzo eguerdian egindako balorazioan. «Hauxe da bidea, iaz hasi genuen estrategia gogoan daukagu, pausoak horren gainean ari gara ematen, eta ikusten dugu bide egokia dela», gaineratu zuen. Izan ere, hazi eta hazi ari den Azoka «hiri proiektu» baten bidea ari da hartzen, pixkanaka Durango osora zabalduz; «San Agustinen egin dugun esperimentazioa termometroa da guretzat eta ikusten dugu oraindik denbora behar dela `hiri azokaren' kontzeptu hori finkatzeko. Egia da ere trena oraindik lurperatu gabe dagoela eta horrek jendeari barrera psikologiko bat suposatzen diola mugitzeko», gaineratu zuen. «Gure estiloa urratsak astiro ematea da, eta emaitzek erakusten dute bide zuzenetik ari garela», esan zuen Nerea Mujikak, Gerediaga elkarteko lehendakariak.

Pozik agertu ziren biak, hobetzeko kontuak beti badaude ere, orokorrean aurreikuspen guztiak gainditu dituztelako. Azokak egun bat gutxiago izanagatik, bisitari kopurua iazkoa baina altuagoa izan da. Jende kopuru zehatza jakiteko modurik ez da orain arte asmatu, baina hiru egunetan 106.000 sartu-irten zenbatu dituzte Landako gunean. Atzoko eguna lasaiagoa izan zen nabarmen, eta egunaren bukaerarako guztira 136.200ra igo zen kopurua.

Bisitari horiek, gainera, euren sosak utzi dituzte Azokan. Gerediaga elkarteak eta saltzaileek baieztatu baitzuten, aurretik beldur baziren ere, salmentak uste baino hobeak izan direla. «Urteko tendentzia apurtzea lortu da. Hau da, era positibo batean merkatuaren dinamika hobetzea lortu da», nabarmendu zuen Goenagak. Musikari dagokionean, diskorik salduenak Gatiburen «Zazpi kantoietan», Goseren laranja kolorekoa, Betagarriren «Zorion argiak» eta Mikel Urdangarinen «Azula» izan dira -liburuen datu zehatzik ez zuten aurreratu-.

Pozik egoteko beste motibo bat gune ezberdinen egonkortzea izan da. Areto Nagusia, Ahotsenea, Irudienea, Szenatokia, Saguganbara, Plateruena, Kabi@ eta Azoka TB izan dira lau egunetan 300 ekitaldi inguru bildu eta Durangoko Disko eta Liburu Azokari bestelako aberastasun bat eman diotenak. «Aurten finkatu egin dira Azokaren egitasmorik berrienak. Guneak finkatu dira eta arrakasta izan dute», esan zuen Mujikak.

Gunez gune

Balorazio orokorraren ondotik, Goenagak gune bakoitzean ongi egindakoak eta izandako ahulguneak zehaztu zituen banan-banan. Areto Nagusian izandako mailarekin gustura agertu zen, «baina momentu batzuetan espero baino erantzun txikixeagoa eduki dugu», aitortu zuen.

Ahotsenearen balorazioa «oso-oso positiboa» izan da. Aurten ordu gehiagoz izan da zabalik, 22.00ak arte, eta goizeko lehen orduetatik gaueko azken orduetaraino sekulako partaidetza izan dela esan zuen, bai liburuen aurkezpenetan bai zuzeneko kontzertuetan ere.

Irudienea aurten Landako barnealdean izan da -iaz kanpoan jarri zen autobus batean-. Irakurketa oso ona egin zuten; «egia da, baina, planteamenduan begira ari garela, Durango Hiri Azoka egin behar badugu, akaso, Irudienearen eremu naturala Zugaza zinema dela. Hor gabiltza, ideia batzuk baditugu».

Bigarren urtez izan da antzerkiari eskainitako Szenatokia San Agustin kulturgunean. «Badakigu horrelako guneek denbora behar dutela egonkortu eta indarra hartzeko. Aurtengo helburua uste dugu bete dugula, nahiz eta momentu puntual batzuetan espero baino parte hartze txikiagoa izan».

Kabi@ri dagokionez, «euskal teknopaten komunitate osoa bertan bolkatu da», azaldu eta eskertu zuen zuzendariak. «Sekulako babesa eman digute proiektu hau aurrera ateratzeko, bai zabalkunde aldetik, bai edukien aldetik, bai bertan utzi dizkiguten altxorren aldetik». Proiektu asko Azokan bertan hasi dira, esaterako euskarazko Wikipediaren elikatze masiborako proiektu bat.

Haurrentzat Elkartegian jarritako Saguganbara txokoaren balorazioa «bikaina» izan da: «Dagoeneko 25 urte dira Saguganbara martxan dagoenetik eta lehen txikiak zirenak egun beraien umeekin datoz. Hor ikusten da transmisioaren lanketa horretan bide onetik goazela». Plateruenan ere egun eta gau jende mordoa ibili dela baieztatu zuten.

Azoka TB, berriz, streaming bidez eman dute eta egunean 1.500 bisita izan ditu. Bestalde, aurten, zuntz optikoa erabiliz, 120.000 etxetara zabaltzea lortu da; «iritsi, gero zenbatek piztu duten telebista...».

Werten proposamenari aurre

Gerediaga elkarteak Jose Ignacio Wert Hezkuntza eta Kultura ministro espainiarrak egindako erreforma proposamen «uniformizatzailearen» harira bere gogoeta ere plazaratu nahi izan zuen balorazioa bukatu aurretik. «Zoritxarrez, Euskal Liburu eta Disko Azokarentzat ministro honek marrazten duen testuingurua ez da berria», esan zuen Mujikak. «Zinez uste dugu euskaldunontzat eta munduko kultur ondarearentzat Euskal Herriaren existentzia osasuntsua ona dela. Gure iritziz, uniformizazio eta mendekotasun estrategiek kultura antzutasuna dakarte», erantsi zuen.

«Bizitzaren eta bizitza kulturalaren espresio izan nahi dugu eta sinesten dugu baldintza okerrenetan berpizteko gauza garela. Lehenago ere erakutsi izan dugu ekimenerako grina hori garai historiko ilunetan. Atzo ginen euskal, gaur euskal gara eta bihar munduari begira euskaldunago izango gara», bukatu zuen.

136.200

Landako gunean jarritako bisiten kontagailuak lau egunetan 136.200 sartu-irten zenbatu ditu, iaz bost egunetan baino gehiago. Egunero jendetza mugitu da Azokan eta salmentekin ere gustura gelditu dira saltzaileak.

WERT

«Uste dugu euskaldunontzat eta munduko kultur ondarearentzat Euskal Herriaren existentzia osasuntsua ona dela. Gure iritziz, uniformizazio eta menpekotasun estrategiek kultura antzutasuna dakarte», nabarmendu du Gerediagak.

KULTURA GONBIDATUA

Ijitoen parte hartze positiboa nabarmendu nahi izan du Aiert Goenagak: «Zer-nolako aberastasuna duten erakutsi digute». Plateruenan egindako fusio gaua eta egun hauetan egindako beste hainbat ekitaldi «urte osoko lanketaren isla» izan dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo