GARA > Idatzia > Kultura

Euskadiko Orkestrak «Neguko menua» aurkeztu du Musika Gelaren baitan

N. B. | DONOSTIA

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) Musika Gelaren 2012-2013 denboraldirako prestatu dituen jardueren berri eman zuen atzo Donostian duen egoitzan. EOSeko zuzendari nagusi Iñigo Alberdik azaldutakoaren arabera, egitarauaren aurkezpena urte amaiera baino lehen egitea erabaki badute, jarduerak abenduan bertan hasiko direlako izan da. Musika Gela haur eta gazteei zuzendutako programa da eta bere helburua musikarekin duten harreman zuzena sustatzea da, gerora kultura musikala gara dezaten.

Pasa den denboraldiaren amaieran Musika Gelaren inguruko inkesta bat egin zuten parte hartzaileekin eta oso emaitza onak lortu zituzten. Hori benetan pozgarria da Alberdirentzat, eta aurrera jarraitzeko indarra ematen diela nabarmendu zuen atzoko aurkezpenean.

Mikel Cañada EOSeko hezkuntza arduradunak eman zuen egitarauaren berri atzokoan. Kontatu zuenez, «gizarteko giroa ez da onena, eta haurrei baikortasuna eta energia» transmititu nahi diete musikaren bidez. Horrenbestez, «Neguko menua» zikloaren baitan, gaurtik hasi eta ostiralera bitartean, egunean kontzertu bat prestatu dute euren egoitzan ikastetxeetatik joaten diren lehen hezkuntzako ikasleentzako. «Janari eta edariei buruzko kontzertua izango da. Jolasen bidez umeek erreferentzia puntu batzuk izatea lortu nahi dugu, musika entzuterakoan ulertzeko gai izan daitezen», aipatu zuen.

Otsailetik aurrera bestelako emanaldiak izango dira Gasteizen eta Donostian. Lehena 0 eta 6 urte bitarteko haurtxoei zuzendutako «Tantatxo Ploc, Ploc, Plik» ikuskizuna izango da. Bertan musika klasikoa eta antzerkia uztartuko dituzte. Ikuskizuna duela hiru urte egin zuten lehen aldiz, eta, duen arrakasta ikusita, aurten ere berriz antolatu dute.

Martxoan «Arratsalde on, swing» jazz emanaldia eskainiko dute Musikeneko ikasleekin batera. Kontzertua 6 urtetik gorako haurrei zuzendutakoa izango da. Hain zuzen ere, lehen aldia da adin horretako haurrei jazz emanaldi bat eskainiko dietela. Maiatzean, berriz, «Hegoaldeko haizea» ikuskizunak egurrezko haize instrumentuekin egindako musika aurkeztuko du: oboea, fagota, flauta eta klarinetea.

Ezagutza sustatzea helburu

Emanaldiez gain, EOSek Donostiako entsegu irekietara joateko aukera emango die ikasleei. Hala, Gioachino Rossini musikariaren «Stabat mater» lana ardatz hartuta Donostiako Orfeoiarekin batera eskainiko duten kontzertua prestatzeko saioetara joan ahal izango dira ikasleak. Biarritzeko Malandain Balletarekin batera eskainiko duten «Mari Errauskin» obraren entsegua ikusteko, ordea, dantza ikasleek izango dute lehentasuna.

Amaitzeko, Iñigo Alberdik FEVAS Adimen Ezintasuna Dutenen Aldeko Elkarteen Euskal Federazioarekin duten lankidetza hitzarmena azpimarratu zuen. Urtean zehar hainbat mintegi egiten dituzte adimen ezintasunak dituzten pertsonekin, eta «oso esperientzia polita» izaten dela nabarmendu zuen Alberdik.

Musika Gela egitasmoaren inguruko informazio gehiago jasotzeko edota parte hartzeko hiru harremanetarako bide jarri dituzte: 943 48 14 02 telefonoa zenbakia, hezkuntza_educacion@donostia.org helbide elektronikoa eta www.donostiahezkuntza.org webgunea.

Azkenik, eskoletan egun eskaintzen den musika hezkuntza hobetzeko bidean, «Sinfokids II» DVDa prestatu dute, laster eskuragarri egongo dena. Euskarazko material didaktiko berriekin osatu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo