GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Lau eta Erdiko Txapelketaren biharamuna

«Txapel hirukoitzak» ez du estelarrik bermatzen

Etzi Urretxun hirugarren partida jokatuko duen Jaunarenak argi du denbora beharko duela onenekin aritzeko.

p037_f02_546x546.jpg

Jon ORMAZABAL

Igandean Lehen Mailako Lau eta Erdiko Txapelketako finala jokatuko duten Aimar Olaizola eta Oinatz Bengoetxearen baimenarekin, modako pilotaria da Jon Jaunarena leitzarra. 20 urterekin, historian bere lekutxoa egin du jada aurrelariak, urte berean Bigarren Mailako txapel guztiak jantzi dituen lehen pilotaria bihurtu baita. Berea Julian Retegi edo Juan Martinez de Irujo bezalako izen handien pare agertzea -horiek Lehen Mailan lortu zuten «txapel hirukoitza»- «ohore handia» da Jaunarenarentzat, eta, atzo, oraindik, estatus berrira «ohitzen» ari zela aitortu zion GARAri, egunean zehar jaso zituen hamaika deietako batean.

Asimilazio prozesu horretan, errealitatea lagun izango du Jaunarenak, larunbatean lortutako txapel historikoa etzi estreinatuko baitu, Santa Luzia eguneko feria dela-eta Urretxun antolatutako jaialdiko hirugarren partida jokatuz. «Hala da, hirugarren partida jokatuko dut, baina kontuan izan ez dela edonolako hirugarren partida. Parean Ezkurdia izango dut, eta irabaztea asko kostako zaigu Cecilio eta bioi. Estelarra mundiala da, lehen partida ere oso ona; gauza polita da halako jaialdi bat antolatzea eta ea bete eta giro ona egoten den pilotalekuan». Jaialdia, Aspen Jaunarenak izango duen «konpetentziaren ispilu» ezin hobea da.

Urretxun lagun izango duen Ceciliorekin irabazi zuen udaberrian Binakako Promozio Txapelketa, baina Jaunarenak ez du uste garaipen horrek hastear den Lehen Mailako lehiaketan jokatzeko aukera emango dionik, buruz buru eta lau eta erdian gertatuko den bezala. «Binakakoa beste gauza bat da. Hor enpresa bakoitzak lau aurrelari aukeratu behar izaten ditu, eta, pentsa, Idoate, Retegi, Ezkurdia edo Aritz Lasa bezalako pilotariak kanpoan gera daitezke; beraz, ez dut uste niretzat lekurik izango denik».

Horiek horrela, eta aurretik oraindik ibilbide oparoa duela jakinda, helburu xumeak jarri ditu hurrengo hilabeteetarako Jaunarenak, izarren aurka aritzeko aukera helduko dela jakinda.

«Partidetan ondo jokatu»

«Pixkanaka joan behar dut. Argi dago hemendik aurrera jarriko dizkidaten partidetan maila ona ematen badut handiekin jokatzeko aukera helduko dela, baina momentuz lasai nago», dio Jaunarenak. Horretarako, kezkarik handiena bere eskuek sortzen diote. Iaz, profesionaletako lehen urtean, arazo ugari izan zituen bi eskuetan eta ezin izan zuen nahi beste jokatu. «Aurten ere izan ditut arazotxo batzuk, baina zorionez partidak ondo bukatu izan ditut eta alde horretatik pozik nago. Materialarengatik eta jokatzen den erritmoagatik izan diteke, baina afizionatuetan ere izan nituen arazoak», amaitu du Leitzakoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo