GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Euskal Selekzioa

Boliviaren aurka, hilaren 29ko 20.00etan Anoetan

p037_f02_088x084.jpg

Imanol CARRILLO

Iristear da Euskal Herriko futbolzaleek urte osoan zehar itxaroten duten unea; Euskal Selekzioaren norgehiagoka, hain zuzen ere. Gabonak eta neurketa bera iristear direla, lehiaren berri eman zuten atzo Donostian. Hasteko, neurketa hilaren 29an jokatuko da, 20.00etan, Anoetan. Hala adierazi zuten, besteak beste, Santiago Arostegi Euskal Federazioko presidenteak eta Mikel Etxarri eta Jose Mari Amorrortu hautatzaileek Anoetan eskainitako prentsaurrekoan.

Euskal Selekzioaren aurkaria Xabier Azkargorta azpeitiarrak zuzentzen duen Bolivia izango da, eta partida ikusteko sarrerak gaurtik aurrera jarriko dira salgai, 15 eta 25 euro bitarteko prezioetan. Realeko bazkideak izango dira sarrerak Internet bidez erosteko aukera izango duten lehenak. Gaur eta bihar izango dituzte sarrerak erosteko, 12 eta 22 euro arteko prezioetan. Gainontzekoek, aldiz, ostiraletik hilaren 25era bitartean erosi ahal izango dituzte sarrerak Interneten. Halaber, hilak 26tik 29ra bitartean Anoetako leihatiletan jarriko dira salgai, 09.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 19.00etara.

Arabako, Bizkaiko eta Euskadiko futbol federazioetan ere erosi ahal izango dira sarrerak datorren ostegunetik hilaren 27ra bitartean. Bilboko San Mames futbol zelaian ere jarriko dituzte salgai hilak 17tik 22ra bitartean.

Kirol arloari dagokionez, hilaren 24ra arte ez dute deialdiaren berri emango Etxarri eta Amorrortuk. Azken horrek atzo aurreratu zuenez, «ez da aparteko nobedaderik izango, iazko oinarriarekin jarraitu nahi dugu: etxekoekin eta kanpotik datozenekin. Eta, jakina, Realaren eta Athleticen azken partidetan zer gertatu zain gaude». Zentzu horretan, Ingalaterran jokatzen duten euskal jokalariak ez direla deialdian sartuko azpimarratu zuten, Gabonetan liga jardunaldia jokatu behar baitute. Real Madrileko Xabi Alonso tolosarraren partaidetza zalantzan dago, bere entrenatzaile Jose Mourinhok lan saioa deitu baitu hilaren 29rako.

«Jokalari interesgarriak»

Boliviari dagokionez, Xabier Azkargorta azpeitiarrak duela egun batzuk ezagutarazi zuen deialdia. Hauek izango dira Anoetan izango diren hamazortzi jokalariak: Sergio Galarza eta Carlos Arias atezainak; Gabriel Valverde, Edward Zenteno, Rony Jimenez eta Luis Mendez atzelariak; Diego Bejarano, Walter Veizaga, Pedro Azogue, Alejandro Melean, Rudy Cardozo, Jhasmany Campos eta Jose Luis Chavez erdilariak; eta Carlos Saucedo, Alcides Peña, Gualberto Mojica, Ronald Segovia eta Arze aurrelariak.

Hego Amerikako selekzioaren bilakaera jarraitu dutela aitortu zuen Etxarrik. Euskal hautatzailearen ustez, «jokalari interesgarriak ditu, baliteke Martins izatea onena. Brasilgo Gremio taldean jokatzen du (ez da arituko Anoetan)». Halaber, «talde ona izango da, baina gurea ere nahiko ona dela uste dut. Partida guztiak bezala, zaila izango da irabaztea, baina ahalegina egingo dugu», gaineratu zuen.

Donostiako Anoeta estadioak ez du 2004. urtetik Euskal Selekzioaren futbol partida bat hartu. Alde horretatik, Jose Mari Amorrortuk honakoa azpimarratu zuen: «Hainbeste oroitzapen on ekartzen dizkidan zelaira itzultzeak ilusioa sortzen dit».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo