GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baiona aldeko lurralde antolaketarako ardatzak herritarrei aurkezteko prest

Landetako hegoaldea eta Baiona inguruko lurralde antolaketarako ardatzak (SCOT) zehaztuta, aurkezpen publikoak egingo dituzte urtarrilean. Etxebizitzarako, enpresentzako, laborantzarako eta ingurumena babesteko lurren eskasiari nola aurre egin da erronka nagusia

GARA | BAIONA

Aspalditik ari dira lantzen Baiona aldeko eremuari eta Landetako hegoaldekoari dagokion lurralde antolaketarako proiektua (SCOT). Berrogeita zortzi herri eta 214.000 biztanle inguru hartzen ditu bere baitan aipatu eremuak, zehazki sei herri elkargo hauek osatzen dituztenak: Euskal Kostaldea-Aturri, Errobi, Errobi-Aturri, Hazparne, Bidaxune eta Landetako Seignautze.

Jean-Rene Etchegaray SCOT proiektuko presidente eta Baionako auzapezordeak eta Michel Veunac Biarritzeko zinegotziak aurkeztu berri dituzte proiektuaren ardatzak. Horien artean, garrantzi berezia ematen diote eremu horretan dagoen dentsifikazioaren arazoari.

Izan ere, 2025erako 35.000 biztanle gehiago izango direla diote aurreikuspenek. Horientzat 31.500 etxebizitza berri beharko lirateke, eta lurren eskasia nabaria da. Gainera, jardun ekonomikorako lur erreserbak egiteko premia ere gehitzen zaie (2025era begira, enpresen instalaziorako 300 hektarea izendatu nahiko lituzkete).

Horrez gain, ingurumena zaintzea eta ahalik eta landa lur gutxien xahutzea dute helburu. Azken hamar urteetan 125 hektarea inguru urbanizatu direla kontuan hartuta, aipatu lur falta egiazko buruhauste bilakatu da hautetsientzat.

Horiek horrela, etxebizitzen eraikuntzarako arau berriak planteatu dituzte. Baionako Santa Gurutze auzoan bere garaian egin zen bezala, eraikuntza garaien aukera bultzatuko dute, nahiz eta, Etchegarayen esanetan, era kontrolatuan egingo liratekeen.

Eraikuntzak trinkotu

Etxe multzoetako urbanizazioen lursaila etxe bakoitzeko 1.500 metro koadrotik gehienez ere 600ra igaroko litzateke eta hiri-eremuetan garaiera handiagoko eraikinak egingo lirateke. Trinkotze horrekin SCOTen eraginpeko eremuan lur berrien erabilera %45 murriztea da xedea.

AHT linea berriaren gaia ere mahai gainean izan dute, proiektu horretarako lur asko beharko baita. Gainera, AHTk ez lioke gertuko garraio publikoen arazoari irtenbiderik emango. Dena dela, eskuduntza hori Estatuarena izaki, SCOT proiektuan parte hartzen duten hautetsiek ezer gutxi esaterik izango lukete. Mugikortasunari begira, inguruko herri elkargoekin, Hego Lapurdi edota Donostia-Baiona eurohiriarekin koordinatzeko beharra ere aurreikusi dute.

Egutegiari dagokionez, lurralde antolaketa eta garapen iraunkorrerako proiektuak 2013ko bukaerarako onartua beharko luke. Hortik aitzina, herri bakoitzak hiru urte izango ditu bere hirigintza plana egokitzeko.

BILKURAK

Lurralde antolaketarako proiektuaren lehen egitasmoa herritarrei aurkeztuko diote urtarrilaren 14tik 28ra bitartean egingo diren lau bilkuretan. Zehaztasun gehiago «www.scotab.fr» webgunean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo