GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

areto futbola

Europan lehiatzeko prest eta gogoz dago Idiazabal

J.L.

Idiazabalek jokatuko du gaurtik igandera Blanesen izango den emakumezkoen Europako Kopa, AMF bertsioan. Gipuzkoarrek lehen aldiz jokatuko dute nazioarteko lehiaketa bat, eta ikasteko gogoz doaz Kataluniara.

«Gure lehen asmoa ikastea eta eskarmentua hartzea izango da. Gero ikusiko dugu, ea bigarren fasea jokatzeko modurik egiten dugun», dio Leire Iparragirrek, Idiazabal taldeko arduradunetako batek. Lehen fasea gaur hasiko da, eta Dairigirls Milano izango dute lehen aurkaria, 20.15ean hasita. Bihar amaituko da lehen fasea, eta azken partida hau Volvo Calamina Belgikako taldearen aurka jokatuko dute 15.15ean.

«Badirudi Belgikakoak izango direla aurkaririk gogorrenak, eta haiek menderatzea zaila izango dela. Ikusiko dugu italiarrak nolakoak diren. Gure asmoa lehen fase honetan partida bat, gutxienez, irabaztea izango litzateke», dio Leire Iparragirrek.

Talde oso gaztea doa Kataluniara, eskarmenturik gabekoa, eta Europan jokatzen duten lehen aldia denez, hori ere ordaindu dezaketela onartzen du taldeko arduradunak: «Jende oso gaztea doa bertara. Ilusio ikaragarria daramate, baina ikusiko da. Guk ere ez dakigu han nolako maila aurkituko dugun, eta ez dakigu nola ibiliko garen», gaineratu du.

Jokatzeaz gain, harremanak egiteko ere baliatu nahi dute lehiaketa hau. «Taldeen mailan emakumezkoetan AMF bertsioan dagoen lehiaketarik garrantzitsuena jokatuko dugu, eta horrek ilusio handia egiten digu, baina asmoa ez da lehiatzea bakarrik. Hori da garrantzitsuena, baina kontaktuak eta harremanak egin, eta beste bide bat ere urratu nahi dugu, hori ere oso garrantzitsua izango baita guretzat», dio Leirek.

Gau osoa bidaian eman ostean, taldekideek ordu batzuk izango dituzte atseden hartzeko, 20.15ean jokatuko baitute. Espainiako, Kataluniako, Ukrainako eta Errusiako taldeak ere arituko dira lehiatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo