GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria

Barreterapia eta tabletak

 

Krisiaren gorabehera begi bistakoei aurre eginez, Durangoko Azokak arrakastaz itxi ditu ateak. Gure hizkuntza zahar bezain tipiaren sormenak milaka herritar biltzen ditu urtero eta helburuak urte osoan zehar kultur-aretoak eta salmenta-guneak bizitzaz betetzea izan behar badu ere, ukaezina da Durangokoa dela besteak beste, herri honek sormenari eta kulturari dion errespetuaren adierazlea.

Adierazpen honi muzin eginez baina, kultura eta oro har aisialdia izaten ari dira gizarte zerbitzuekin batera, murrizketen zigorra pairatzen ari direnak.

Begira bestela Marotoren gobernuak Gasteizko gizarte-etxeetan eskaintzen ziren ikastaroekiko hartu nahi zuen erabakia. 55 ikastaro «ez funtsezkotzat» jo zituzten eta batzuk desagertzea eta beste zenbaiten matrikula igotzea ebatzi zuten, 350.000 euro aurrezteko asmoz.

Antza, helduen mugikortasuna hobetzen duen tai-jiak gehiegizko gastua dakar oinezkoentzat kapital izan nahi duen Green hiriburuan eta medikamentuen berrordainketa ezarri duen alderdikoentzat erremedio naturalak ikastea ere ezin dohainik izan. Bertsoak, sormen idazketa, zenbait dantza eta barreterapia ziren ikastaroen zerrendatik ezabatu nahi zituzten beste batzuk. Ikastaroak kudeatzen dituzten 010eko langileak kaleratzeko asmoa du gobernu berak.

Bien bitartean, Marotoren Parlamentuko alderdikideek azken unera arte defendatu dute tablet delakoetan 115.000 euro gastatzeko beharra. Barreterapiak gure osasunari dakarzkion onurak ukaezinak direla baieztatu dute hamaika psikologok eta adituk. Ikusteke dago, ordea, tablet baten erabilerak zenbait politikoren jarduera eta kalitatea hobetzeko balio ote duen.