GARA > Idatzia > Kultura

«Beterriko Liburua» aldizkariak abendukoa izango du azken alea

GARA | DONOSTIA

Diru laguntzen murrizketak eraginda, euskal literatura eta euskarazko literatura sustatzea xede duen 111 Akademiak «Beterriko Liburua» aldizkariaren azken alea argitaratuko du datorren astean. «111 Akademiak bere etorkizunari buruzko hainbat erabaki hartu beharko ditu datozen egunetan eta horien artean ezin da baztertu bere jarduna bertan behera utzi behar izatea ere», azaldu zuen Akademiako eragile Amaia Goikoetxeak.

Azken asteetan jakin berri dutenez, Gipuzkoako Diputazioko Euskara Zuzendaritzak urtez urte eman izan dion diru laguntza aurten berriro ere jaitsi dio -zehaztu zutenez, bi urteotan %60koa izan da jaitsiera- eta Lakuako Kultura Sailak, bestetik, %65 inguru 2012ko diru laguntza.

«Bi jaitsiera horiek urte amaieran jakinarazi izanak 111 Akademiari 20.000 euro inguruko galera» ekarriko diola aurreikusi dute bertako arduradunek eta adierazi zuten ezinezko zaiela galera hori bere gain hartzea.

Proiektuak airean

Dagoeneko erabaki dute aldizkariaren azken zenbakia abendukoa izango dela, baina beste hainbat ekimenekin jarraitu ala ez erabaki beharko dute orain: Beterriko Liburua literatur saria, Kilkerren Soka ekimena eta bidean zeuden beste hainbat ekimen.

«Ia urte amaieran jakin izanak ez digu aukera handirik utzi urtean zehar egin beharreko gastuak murriztu ahal izateko. Hala ere, murriztu ditugu neurri batean, sumatzen genuelako gisa honetakorik izan genezakeela, eta halaxe izan da, zoritxarrez», esan zuen Goikoetxeak.

111 Akademiak ez du berariazko nortasun juridikorik, Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren barnean antolaturik dago eta egun 187 akademiakide ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo