GARA > Idatzia > Euskal Herria

ZIENTZIA

IKASek eta Euskaltzaindiak lankidetza berretsi dute

p024_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA

Eskuz esku hartuta jardungo dute datozen hiru urteotan ere IKAS pedagogia zentroak eta Euskaltzaindiak. Hala finkatuta geratu zen joan den asteartean, ofizialki eta gogo biziz, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Maite Erdozaintzi Etxart IKASeko presidenteak Baionan izenpetutako hitzarmen berrian. Bi erakundeok 2001ean sinatu zuten lehen hitzarmena eta geroztik lankidetza sakontzen joan dira. Aurrerantzean beste esparru batzuk ere landuko dituzte elkarrekin, besteak beste euskararen normalizaziorako proiektua partekatuz. Hala, Euskaltzaindiko arauak zabalduko ditu IKAS zentroak, eta, Euskaltzaindiak, berriz, IKASek argitaratzen dituen materialak gainbegiratuko ditu hizkuntz zuzentasuna bermatzeko.

Halaber, Euskaltzaindiaren Lexikoaren Behatokia elikatzen joateko, IKAS zentroaren pedagogia zerbitzuaren euskarazko testu multzoaz baliatzeko baldintzak ere finkatu dituzte hitzarmenean. Bi erakundeok argitaratzen dituzten lanak eta bakoitzaren liburutegiko funtsak elkartrukatzeko modua ere zehaztu dute.

IKASek Estatu frantsesean euskal pedagogiaren esparruan zerbitzuak eskaintzen ditu. Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Hezkuntza Nazionalarekin egindako hitzarmenaren arabera bere zeregina bi adarretan banatzen da: batetik, materialgintzako zerbitzu publikoa ematea, eta, bestetik, euskarazko irakaskuntza sarea hedatzen laguntzea (publikoa, pribatua, Seaska eta AEK). Xede horrekin ikastetxe eta ikastolei mota orotako dokumentuak mailegatzeko aukera ematen die edota pedagogia saileko animazioak eta ikerkuntza lantzen ditu. IKASek dokumentu berriak ere sortzen ditu irakasle, kultur arduradun eta publikoaren eskura jartzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo