GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eragile ugarik parte hartuko dute Baionako Bakearen Forumean

Gizarte eragile eta erakunde andanak eta alderdi politiko guztietako kideek iragarri dute bihar Baionan izango den Bakerako Forumean parte hartuko dutela. Bake Bidea, Lokarri eta Unibertsitateak elkarlanean antolatu duten ekimenaren helburua Aieteko Konferentzia gizarteratzea da. Bertan parte hartu zuten hainbat aditu eta ordezkari politiko izango dira mahai-inguruetako protagonista nagusiak.

p017_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Herri mugimenduko hogeita hamabost bat elkarte eta erakundek babestuko dute beren kideen presentziarekin Bake Bideak, Lokarrik eta Baionako Fakultateak biharko antolatu duten Bakearen aldeko Foroa. Horien artean daude Amnesty International, Gurutze Gorria, Giza Eskubideen Liga, Seaska, Lurrama, EHZ, Etxerat, Anaia-Artea, Euskal Konfederazioa, ELB, Cimade, Batera, Bizi!, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa edota CFDT, ELB, LAB, Solidaires eta SAF sindikatuak.

Abertzaleetatik hasi eta UMPraino, joera politiko guztietako hautetsi eta ordezkariek ere beren parte hartzea iragarri dute, hala nola Colette Capdevielle eta Sylviane Alaux PSko diputatuek, Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Foru Aldundi bereko Giza-Eskubideen Batzordeko zuzendariak, Laura Mintegi EH Bilduko parlamentariak eta Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluko eta Garapen Kontseiluko ordezkariek eta kontseilari nagusi, auzapez eta zinegotzi andanak.

Agenda arazoak direla medio bertan izango ez diren hainbat pertsona eta politikarik gaiarekiko duten interesa agertu ostean, jarraipena egingo diotela agindu dute, besteren artean, Didier Borotra Biarritzeko auzapezak, Andre Chassaigne diputatu komunistak, Olivier Dartigolles PCko bozeramaileak, Alain Lamassoure eurodiputatuak, Jean Lassalle diputatuak edota Jean-Louis Nembrini Bordeleko Akademiako errektoreak.

Hiru mahai-inguru

Jardunaldia 09.30ean abiatuko da. Harrera hitzaldia Jean-Pierre Massias Unibertsitateko adituak egingo du. 11.00etako lehen mahai-inguruaren ostean, bazkaltzeko etena egin, eta 14.30etik goiti beste bi debate izango dira. Bake prozesuetako aditu hainbat eta politikariak izango dira bertan, besteren artean, Brian Currin eta Ray Kendall Nazioarteko Harreman Taldeko kideak, Pierre Hazan Parisko Zientzia Fakultateko irakaslea, Andy Carl (Conciliation Resources) eta Hans-Joachim Giessmann (Fondation Berghof).

Baionako Fakultateko foroan parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Itzulpen zerbitzua eskainiko dute frantsesera eta euskarara. Programa eta zehaztasun guztiak honako helbidean daude ikusgai: www.bakebidea.com.

GIZARTEA

Bake prozesua aitzinarazteko gizarteak izan behar duen parte hartzearen garrantziaz jabetuta, antolatzaileek hausnarketan eta debatean segitzeko asmoa dute. Hala, datorren urtean ere hainbat ekimen prestatuko dituzte.

Elkarrizketa eta bizikidetzaz mintegia Donostian

Baionakoaren bezperan eta xede bertsuarekin, hots, bake-prozesuan herritarren parte hartzea sustatzea, Lokarrik «Elkarrizketa eta bizikidetza» nazioarteko mintegia antolatu du gaur Donostiako Kursaal jauregiko 4. aretoan. Donostiako Udalak eta Lakuako Giza Eskubideen Zuzendaritzak babestu dute ekimena.

Munduko hainbat herrialdetako bake eta bizikidetza prozesuen esperientziak -tartean baita Euskal Herrikoa ere- ezagutzeko parada eskainiko du jardunaldiak. Goizeko saioa pribatua izango da, eta batez ere, gizarte erakunde, alderdi, sindikatu eta arlo askotariko pertsonei zuzenduta dago. Arratsaldekoa, berriz, publikoa izango da, baina dagoeneko aretoa betea dagoela jakinarazi du Lokarrik. Hala eta guztiz ere, interesa duen orok Lokarriren web orriaren bidez, mintegia zuzenean jarraitzeko parada izango du 16.00etatik aurrera.

Goizean, Hegoafrika, Israel eta Palestinako elkarrizketa esperientziez jardungo dute Brian Currin abokatu hegoafrikarrak eta Alberto Spektorowski Camp Davideko negoziazioetan izan zen irakasleak. Eguerdiko 12.00etan Brendan Mackin Belfasten bizikidetza sustatzen lan egiten duen sindikalista eta Carmen Magallon Women's International League for Peace and Freedom espainiar saileko presidentea mintzatuko dira.

Arratsaldeko saioan, hizlari horiez gain, beste batzuk ere izango dira, hala nola Carlos Martin Beristain psikologo eta medikua, 1989tik gerraren biktimekin eta giza eskubideen erakundeekin lanean diharduena, Jonan Fernandez, Baketik-eko zuzendaria, eta Javier Orozco, heriotza mehatxupean dauden sindikalista eta giza eskubideen defendatzaile kolonbiarrak babesten dituen Asturiasko giza-eskubideen programako koordinatzailea. Jardunaldia 20.00etan amaituko da. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo