GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronoka | Korrika kultura aurkeztu dute

Sortzaileei bidea irekiz eskertuko dio Korrikak herriari ematen dion guztia

Esne Beltzaren emanaldi txiki bat, «Balitzen ihoa» antzezlanaren zatitxo bat, «Zuzeneko instanteak» musika-argazki erakusketaren lagin bat... Urtarrilaren bukaeran, Korrika baino bi hilabete lehenago abiatuko den Korrika Kulturala nolakoa izanen den irudikatzeko aurkezpen berezia egin dute, umoretsua eta animatua.

p017_f01.jpg

Maider IANTZI

«Pisukideak» antzerki obrako aktoreek, Sonia Villamor eta Jon Zubiagak, jarri zioten gatza eta piperra atzo Gasteizko Jimmy Jazz aretoan egindako Korrika Kulturalaren aurkezpenari, deus argitaratu ez duen Markos idazle pixka bat egozentrikoaren eta kobratzeko lanik lortzen ez duen Matilde energiaz betetako aktorearen paperean.

Bikote xelebre hori baino lehenago, ordea, Edurne Brouard mintzatu zen edizio honetako omenduak diren euskara ikasleen aitzinean eta oroitu zuen Korrika Kulturala 1993an jaio zela, nahiz eta ordurako makina bat kultur eta kirol ekitaldi martxan jartzeko motorra zen Korrika. Martxoaren 14tik 24ra eginen den 18. edizio honetan, egitarau oparoa prestatu dute, bi hilabete lehenago hasita, arte eszenikoak bultzatu, sortzaile berriei bidea ireki eta lanak sortzen eta zabaltzen laguntzeko asmoz. Korrikaren arduradunak adierazi zuenez, Euskal Herriari ematen dion guztiaren zati bat bederen bueltatzeko erarik egokiena iruditzen zaie bertako kultura sustatzea.

Markos eta Matilde urduri baino urduriago atera ziren Brouarden ondora, baina ohitzen joan ahala gero eta lasaiago eta libreago aritu ziren: jende artean nahasi ziren, balkoira igo eta bertsotan ausartu... Azaldu zutenez, bi berrikuntza ditu Korrika Kulturalak, «Zuzeneko instanteak» proiektua eta «Lekukoaren bila» jinkana. Lehenengoa musika eta argazkiak uztartzen dituen erakusketa da. Bertan hogei argazkilarik hartzen dute parte, musikazuzenean.com atari digitaleko kideak denak. 2011 eta 2012 urteetan zuzeneko kontzertuetan hartu dituzten irudiekin, gaur egun agertokietan gertatzen dena islatzen dute, jaialdi handietatik gaztetxeetaraino, herriko plaza eta tabernetako kontzertuak barne. Euskaraz aritzen diren musikariak harrapatu dituzte beren kamerekin, ehuneko ehunean euskaraz kantatzen dutenak edo hizkuntza honetan zenbait kantu abesten dituztenak: Berri Txarrak, Lisabo, Willis Drummond, Koma, Gatillazo, Gose, Erantzun... Erakusketan, argazkiak ikusteaz gain, entzun ere egiten ahalko dira.

Bestelako ekintzak ere antolatu dituzte «Zuzeneko instanteak» ekimenaren barrenean: solasaldi musikatuak, musika tresnak eta trikimailuak hurbiletik ezagutzeko master class-ak Zigor Lampre eta Joseba Irazokirekin, mahai-inguruak eta zuzeneko emanaldiak.

Jolas-lehiaketa erraldoia

«Lekukoaren bila» Euskal Herri osoan garatuko duten jolas-lehiaketa handia izanen da. Lehenik, herri, hiri eta auzoetako aurrekanporaketak eginen dituzte; ondotik, herrialdeko kanporaketak; eta azkenik, finala Baionan, Korrikaren amaierako bestan. Herri bakoitzeko, gutxienez, talde bat atera nahi dute. Edonork parte har dezake eta gaurtik eman daiteke izena, otsailaren 26ra arte, AEKren euskaltegietan.

Eskailera altu batzuen gainean jarrita, burua marko baten barruan eta gorputzetik behera oihal distiratsu bat zabalduta, hitzek liluratzen zuten haurraren testigantza kontatu zuen «Balitzen ihoa» antzezlaneko aktore batek. Obra honetan, gai beraren inguruan lau bertsolari jarri dituzte idazten, Ainhoa Agirreazaldegi, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi. Testu horiekin balitzen lihoa osatu dute: «Hitzen balioa aurkitu nahi genuen... eta hizkiak lekuz mugitu zaizkigu».

Hitzek elkar ulertzeko balio dute, elkarrekin bizitzeko, elkarri hitz egiteko. Horretarako, euskara jakitea ezinbertzekoa da eta horregatik omendu nahi dituzte ikasleak. Kalean eginen dute omenaldia, urtarrilaren 26an Usurbilgo frontoian eraikiko duten sagardotegi erraldoian. Aurtengo leloa, «Eman euskara elkarri», praktikatzeko leku aproposa izanen da.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen «Sentitu, pentsatu, ekin!» antzezlana ere Korrika Kulturalaren parte da, Juan Gorriti Arribeko eskultorearekin eta orkestra sinfonikoarekin egina. Eta «Gazta zati bat» dokumentalaren zine foruma. Xabi Solanok eta Zigor Lampre Dz-k ikuskizun berri bat osatu dute film honen soinu bandarako sortutako abestiak agertokietara eramateko. Musika, irudiak eta zuzeneko bat-bateko sorkuntza nahastuko dituzte aurreko biek, Keu Agirretxea, Aitor Zabaleta eta Jon Maiarekin batera. Jimmy Jazzen abesti batzuk jo zituzten proiektu honen erakusgarri, baita jada ezagun egiten ari den «Bagoaz!» Korrikaren kanta ere, aretoan bildutakoak mugiaraziz eta gehiagorako gogoa piztuz.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo