GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Himalaia | India

Paul Ramsden eta Mick Fowlerrek Shiva mendian gozatu dute

Bi alpinistok Indiako Himalaian dagoen seimilakoan «Prow of Shiva» bidea zabaldu dute. Estilo alpinoan eginiko bederatzi eguneko jarduna izan zen: zazpi igotzeko eta bi jaisteko. Inoiz egin duten eskalada onena izan dela adierazi dute. ED+ zailtasuna jarri diote.

p040_f02_148x196.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Paul Ramsden eta Mick Fowler berriro sokara lotu dira. Ez da lehen aldia; ezta gutxiago ere. Baina bolada luzea zeramaten elkarrekin espedizio bat egin gabe. Agian sonatuena duela hamaika urte Siguniang mendian eginikoa dela esan beharko genuke; izan ere, eskalada horregatik Frantziako Urrezko Pioleta jaso zuten.

Jakina, biek ala biek filosofia bera dute, eta esku artean dituzten xedeek gidoi bera izan dute. Hots, Himalaiako mendi eta eremu berri zein ezezagunak, ukitu gabekoak baldin badira askoz ere hobeto, ez oso garaiak (6.000 eta 7.000 metro artekoak) zailtasun teknikoak dituzten marrak, estilo alpinoa...

Espedizioa egiteko, oro har, lauzpabost aste izaten dituzte, eta hain denbora mugatuan, emaitza erdiesten badute gustura itzultzen dira. Eta saria ez badute lortu, bada, sokadak dioen modura, «ez da ezer geratzen».

Ramsden eta Fowler alpinista britainiarrei aitortu behar zaie pasa den urrian hautatutako helburua oso erakargarria zein estetikoa zela. Indiako Himalaian, Himachal Pradesh estatuan, dagoen Shiva mendia (6.142 m) aukeratu zuten. Tokitan dagoen seimilakoa eta hurbiltzeko oso korapilatsua. Beste bi alpinistek «American Alpine Journal» aldizkarian argitaratutako argazki batzuek jarri zuten bikotea mugimenduan. Andrey Muryshev errusiarrarekin hartu-emanetan jarri ziren, eta hark zera adierazi zien: «Ez dakit nola egingo duzuen. Ipar-mendebaldean, lepoaren ondoren, oso branka zaila ikusten da. 700 metro izango ditu, eta urrian arroka guztia izoztuko da ziur aski. Gainera, izotz gutxi aurkituko duzue eta azken murrua, giltza dena, tentea baino tenteagoa da. Mistoan igotzea eta aseguratzea zaila ikusten dut. Haatik, zuen helburu horrek inspiratzen nau».

Horixe zioen errusiarrak, eta britainiarrek urrian eginiko espedizioak argitu die hautatutako xedea posible zela. Emaitza «Prow of Shiva» bidea izan da, pareta horretan egin den lehen igoera.

Baldintza onak

Inor gutxi izan da seimilakoaren eremu horretan; espedizio gutxi batzuk esploratzen izan dira eta kitto. Alabaina, aurreratu behar da Shiva mendiaren lehen igoera Junko Tabei japoniarrak (lehen emakumezkoa Everest igotzen) sinatu zuela. Baina alpinistok eskalatu duten horma ukitu gabe zegoen.

Urriaren hastapenetan Pangi izeneko eskualdean ziren, Indiako iparrean. 5.500 metroko mendi bat egin ondoren, Shiva mendian urrutitik ikusten zen branka eskalatzera abiatu ziren: «Nahiz eta Andreyk informazio ezkorra eman, geure helburua ikusi bezain laster, argi geratu zitzaigun hara abiatu behar ginela. Eskalatzeko egundoko gogoa eta ilusioa piztu zigun. Gainera, eskalatu dugun marrak Paulek eta biok helburu batean bilatzen duguna eskaintzen du: inguru horretako mendirik garaiena, marra erakargarria, eskalatu ez dena, urrutitik ikusten dena, tontorrera eramaten duen marra zuzena, arrisku objektiborik ez duena, tentea, teknikoki eskatzen duena eta jaisteko beste aukera batzuk ematen dituena».

Hasteko, eremu oso deserosoarekin egin zuten topo. Bi egun pasa behar izan zituzten glaziar zein morrena nahasi bat gainditu ahal izateko. Ondoren, paretaren sarreran jarri ziren, eta oraindik beste lau egun zituzten gailurra zapaltzeko. Hori, urriaren 11n izan zen.

Brankaren ertza eskalatzen hasi bezain pronto, protagonistok lehen ezustekoa izan zuten: «Aurreratu ziguten arrokaren kalitatea oso txarra izango zela, baina, erratu ziren, eta kalitate handiko granitoan eskalatu genuen. Azpimarratu dezakegu azken espedizio hau Himalaian eduki dugun onena izan dela: eguraldi ia perfektua izan genuen, harkaitzezko balkoi batean bibak eder bat (aurretik 600 metroko amildegia geneukan) igaro genuen, mistoko tarte oso onak eta zailak, izotzarekin estalitako plaka leunak Ben Neviseko jardueretan bezala... Bai, Paulek eta biok inoiz bizi izan dugun esperientzia ederrena izan da».

Guztira, Shiva mendiaren «Prow of Shiva» bidea zabaldu ahal izateko, bederatzi eguneko jarduna behar izan zuten. Hots, kanpaleku nagusia, gailurra eta berriro kanpaleku nagusia lotzea. Zazpi igotzeko, eta beste bi jaisteko. Jaitsiera, gainera, hego-ekialdeko ertzetik egin zuten; hori egiten lehenak izan dira.

«Den-dena primeran atera zaigu, eta erabat gozatu dugu. Orain, berriz, beste hilabete mordoa itxaron behar dugu oporrak iritsi arte. Geure hurrengo erronka Tibeten izango dugu», dio Fowlerrek.

«American Alpine Journal» aldizkarian argitaratutako argazki batzuetan mendi hori agertzen zen. Bruno Morettik eta Andrey Muryshevek ateratakoak ziren. Alabaina, bi alpinista horiek bidali zizkiguten argazki gehiago ikusi ondoren benetako interesa piztu zitzaigun.

Ez genekiena zen bi alpiniston helburua zenik. Guretzat eremu berri bat zen, bazirudien nahiko segurua zela eta hara abiatu eta saiatzeagatik ez genuela ezer galduko erabaki genuen.

Dagoeneko ezagutzen gaituzu, eta jakina, izaera horretako mendi batean saiatzeko estilo alpinoa hautatu genuen. Oso arin joan ginen: 50 metroko bi soka, fisurero joko bat, 4 friend, 4 izotz-torloju eta 6 iltze. Janariari dagokionez, 9 eguneko aurreikuspena egin genuen.

Eguraldi egonkorra soilik goizetan izan genuen; ondoren, zerua lainotzen zen. Eguneroko kontua zen. Elurra, berriz, apenas egin zigun. Kanpaleku nagusian ginela, soilik egun batean bota zuen, bi zentimetro egiteko. Oro har, eskalatzeko orduan, baldintza horiek ez zuten eraginik izan.

 

Aipatu behar dut azken unera arte eskalada oso atsegina izan zela eta benetako zailtasunak ezustekoan harrapatu gintuela. Bai, eroria zuen azken murruan lan ederra egin behar izan genuen. Eta diozun bezala, garaiera horretan. Hain zuzen ere, geure helburu horretan garaiera beste faktore bat izan da.

Nahiz eta tarte tekniko batzuk gainditu behar izan genituen, ez dut uste azpimarratzeko eite nagusi bat denik. Inolako zalantzarik gabe, eskalada ederra eta atsegina izan zen. Eta hori osotasun batean hartu behar da.

Bai, soilik iltze eta mosketoi bana utzi ditugu. Bidetik atera ginen, eta berriro itzultzeko aipatutakoa han geratu zen. Bai Paulek bai nik argi dugu izaera horretako xede alpino batean iltzeak erabiltzea egoki ikusten dugula. Hain zuzen ere, arrokak dituen kokapen naturaletan iltzeak jartzen ditugu; horixe da arrokak eskaintzen duena. Paraboltek, aldiz, emaitza bermatzen dute; zeure buruari iruzur egiten diozu.

A. A.

Shiva

Paul Ramsden eta Mick Fowlerrek Indiako Himalaian dagoen seimilako horretan bide berria zabaldu dute: «Prow of Shiva».

9 egun

Alpinista britainiarrek zazpi egun behar izan zituzten gailurra lortzeko, eta beste bi kanpaleku nagusira jaisteko.

ederra

Sokadak dioenez, marra zuzena, erakargarria eta zaila da. ED+ proposatu dute, baita gaineratu ere Himalaian inoiz bizi izan duten esperientzia ederrena izan dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo