GARA > Idatzia > Euskal Herria

Iņigo Cabacasen heriotzatik zortzi hilabetera ez dago inputaturik

Zortzi hilabete igaro dira Cabacasen heriotzatik, eta atzo hasi ziren epaitegian deklaratzen poliziaren kargan parte hartu zuten ertzainak, lekuko gisa, inputaturik ez baitago, herri ekimenak salatu duenez. Aresi «gezurti» deitu eta Lakuako Gobernuari polizia eredua goitik behera aldatzeko exijitu diote.

p011_f02.jpg

Nerea GOTI |

Zortzi hilabete luze igaro dira Ertzaintzak jaurtitako gomazko pelota batek Iñigo Cabacas larri zauritu eta gazte bizkaitarra heriotzara eraman zuenetik, eta atzo hasi ziren deklaratzen epaitegian apirilaren 5eko gau hartan poliziaren kargan parte hartu zuten ertzainak, lekuko gisa, inputaturik ez baitago. Epaitegiko atean Iñigo Gogoan herri ekimeneko kideek elkarretaratzea egin zuten goizean, polizien deklarazioen aurrean protesta egiteko. «Iñigo justizia orain. Stop violencia policial» zioen pankarta baten atzean 30 bat lagun bildu ziren, «Ez zan istripu bat izan» edota «Ares gezurti» zioten txartelak erakutsiz. Ondoan, Athletic taldeko ikur batean itsatsitako Cabacasen argazkia eta «Pitu, gogoan beti» leloa zuen ikurra erakutsi zituzten hildako gaztearen lagun batzuek.

«Epaitegi honetan, gaur [atzo], hiritarren segurtasunaren bermatzaile omen direnek lekuko moduan deklaratuko dute. Lekuko? Non demontre daude inputatuak?», galdetu zuten herri ekimeneko kideek. Gogoan izan zutenez, zortzi hilabete eta gero, ikerketa judizialaz gain Aresek hitzeman zuen barne ikerketa inolako ardurarik argitu gabe itxi da, eta, Arartekoak, «zalantzarako tarterik uzten ez duen txostenean», gau hartan ertzainen jarduna «justifika ezina eta neurriz kanpoa» izan zela salatu du.

«Ez dugu ulertzen Barne sailburuaren aurrean maiatzaren 20an Memoria eta Bizikidetza Kongresuan protesta egin zuten gazteak pasa den astelehenean jada epaitu zituzten bitartean, oraindik nola ez dituzten akusatuen aulkian eseri horrelako nahasmen eta kaltea eragin zuten horiek», salatu zuten Iñigo Gogoan ekimenaren izenean Urtzi Ugalde eta Paula Castro bozeramaileek.

Ares eta Urkulluri mezuak

«Harrituta uzten gaituzu zure ardurak saihesteko erakutsi duzun abileziagatik eta Ertzaintzaren buruzagi gisa harro-harro azaltzeko izan duzun lotsagabekeriagatik», esan zioten zuzenean Rodolfo Ares Lakuako Barne sailburu ohiari.

Urkulluren Exekutibo berriari, berriz, eredu poliziala goitik behera aldatzeko exijitu zioten, baita «ez dezala arma berririk sortu ezta herriaren aurka erabili» ere. Esan zutenez, «berdin-berdin zaizkigu armen tamainak edo balen formak». Polizia eredua aldatu behar dela adierazi zuten herri ekimeneko kideek, eta, bide horretan, hiritarren eskura eztabaidarako bitartekoak jartzeko eskatu zioten Administrazioari.

Asanblada irekia

Asanblada irekia deitu du herri ekimenak urtarrilaren 17rako, Ekoetxean, 19.00etan, «bidegabekeria honi erantzun bat emateko eta Iñigo Cabacasen erailketaren urteurrenean omenaldia antolatzeko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo