GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi Kazetaria

Zaratrustaren manifestua

Euskotar oro, Aitor aitapontekoaren ezpaleko maiteok! Zorionean gaude oraingo honetan! Duela hamaika urte gerra hau estrategikoki galtzear genuenetik uztaren ordua azkenean heldu baitzaigu! Apustu handiaren gerezi oparoena!

Bego bada! Has gaitezen, hamaikagarrenez ere, gure arbasoek galdutako hamaika batailen zerrenda goraipatuz eta onar dezagun jarraian, apustuaren mesedetan betiere, badela garaia bat behintzat `por cojones' irabazteko!

Segi dezagun jarraian, azken bide luze eta malkartsu honetan mindu gaituztenen izena madarikatuz, mende berriko filistiar nardagarriak!... ametitzeko ostean eta berehala: A.- Gaurko gorrotoak atzoko maitasunaren ifrentzu dira; eta B.- Geronimok behin bere tribukideei esan lez, `gutxiegi gelditzen gara jada gure artean elkarri mokoka ibiltzeko!'. Jarraian, Eneko Haritzaren seme-alaba hautatuok, murgil gaitezen denok -azken bolada luze honetan zepoan esku bakarraz aritu behar izan direnak lehen-lehenik- berradiskidetzearen akelarre heze-lizunean!

Hirugarrenez, eta espainol eta frantsesen `halitosi' jasangaitza beste behin deitoratu ostean (irmoki), onar dezagun behingoz eta betiere (apustu handi honen loriaren beharrez...) penintsulak errotik banatzearen teknika asmatu bitartean, aldez edo moldez haiexek auzokide izan beharko ditugula!

Laugarrenez, lau-ga-rre-nez-ere!, segi dezagun, hala nahi izanez gero eta etxeko sofatik etzanda betiere, telebista digitalaren bidez heltzen zaizkigun iraultzen berri oro kartsuki txalotuz... esku ahurrak higatu arte! Baina aitor dezagun behingoz!... eta apustuaren bideragarritasunaren hobe beharrez!... Kaukasoko anaikideak ez bezala, geu kolpe batez ez gaituztela sarraskitu... ez espainolen kanoiak kizkurtuta zeudelako, baizik eta burges azal zuriko sasi-liberal mendebaldarrak garelako!

Amaitzeko, euskotar kuttunok!, apustuaren mesedetan gaurkotu ditzagun behingoz gure iruditeria sakratuaren trazak».

Hala mintzo zen Zaratrusta minkidea, Amarako Easo plazan, bere «ongietorrian»... bertan bildutakook abesbatzan «Salve» -Evaristoren bertsioan- kantatzen hasi baino lehen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo