GARA > Idatzia > Euskal Herria

Galdakaoko Ospitalean kalitate maila mantentzeko eskatu diote Lakuari

Galdakaoko Ospitaleko sindikatuek mezu argia bidali zioten atzo Lakuari: osasungintzaren kalitate maila manten dezala. Nafarroan, berriz, sindikatuak eta Parlamentua aurka azaldu arren, Gobernuak lehen mailako arreta zerbitzuetako ordutegiak murrizteko dekretua onartu zuen.

p018_f01_148x116.jpg

GARA | GALDAKAO

Galdakaoko Ospitaleko sindikatuek (Satse, ELA, LAB, UGT, CCOO, ESK, FFHE-SME eta SAE) osasun zerbitzu publikoan kalitate maila mantentzeko eskatu zioten atzo Lakuako Gobernu berriari mobilizazio batekin. Bide batez, abenduko aparteko soldata ordaintzea eta lan ordutegia ez handitzea ere eskatu zioten.

Ospitaleko sarreratik abiatu zen manifestazioak langileen eta erabiltzaileen mobilizaziora deitu zuen, «mehatxu larrian dagoen gure osasun sistema publikoa defendatzeko, pairatzen duen hondatzea gelditzeko eta osasuna babesteko eskubidea berreskuratzeko».

Osasun publikoaren pribatizazio gogor salatu zuten sindikatuek, baita zerbitzuak kentzea edo murriztea suposatzen duten neurriak ere. «Osasungintzan eta gizarte zerbitzuetan martxan jarri diren murrizketen eragin bakarra populazioren sufrimendua eta pobrezia areagotzea da, batez ere babes handiena behar duten herritarren artean. Bien bitartean, botere ekonomikoak eta korporazioen interesak babesten dira», nabarmendu zuten.

Sindikatuek gogoratu zutenez, «Lakuako Gobernu berriak konpromiso bat du populazioarekin Euskadin hamarkadetan zehar lorturiko asistentzia mailak mantentzeko eta babesteko. Jendartearen ekarpenaren eta osasungintza publikoan lan egiten dugunon esfortzuari esker lortu dira maila horiek», gaineratu zuten.

Mozioak Nafarroan

Bestalde, Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordeak lehen mailako arreta zerbitzuetako ordutegiaren murrizketaren aurka PSNk eta Bildu eta NaBaik aurkezturiko bi mozio onartu zituen atzo. I-Eren sostengua ere jaso zuten mozioek. UPNren Gobernuak, ordea, murrizketa berri hori martxan jartzea erabaki zuen.

Mozioak bozkatu aurretik, LAB, UGT, CCOO eta ELA sindikatuen iritzia entzun zuten parlamentariek. Sindikatuok ere ordutegiak murriztearen aurka azaldu ziren.

PSNko Samuel Caroren arabera, neurria txarra da herritarrentzat. «Aurrezten den dirua, zerbitzua kaskarragoa izatearen truke aurreztuko da», salatu zuen.

Bilduko Bakartxo Ruizek salatu zuenez, Nafarroako eskualde askok diskriminazioa larria jasoko dute murrizketok direla-eta. NaBaiko Asun Fernandez de Garaialdek helburu nagusia lehen mailako arreta zerbitzuak pribatizatzea dela nabarmendu zuen. I-Eko Marisa de Simonek ere murrizketok salatu zituen.

Diskriminazioa

Nafarroako Gobernuaren dekretuak herritarrak bizi diren tokiaren arabera diskriminatzen dituela salatu du Parlamentuan sindikatu guztien izenean LABeko Txomin Gonzalezek.

Larrialdiak

Nafarroako Medikuen Sindikatuak eta Erizainen Sindikatuak larrialdietako zerbitzuen ordutegia murriztea salatu eta Gobernuaren jokabidea kritikatu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo