GARA > Idatzia > Euskal Herria

Heldu da San Tomas eguna, Gabonei begira baserriko produktuak eskuratzeko aukera

GARA | BILBO

Bilbon, 100.000 bisitari inguru espero dituzte gaur San Tomas eguneko azokan. Guztira 278 saltoki egongo dira prest, Areatzan eta Plaza Berrian. Hitzordua dela eta, Renfek eta Bilboko Metroak zerbitzua indartu dute. Haurtzaindegi zerbitzua ere izango da aurten, eta bidezko merkataritzako zenbait saltoki ere izango dira.

Donostian, Leitzako Tomaxi txerri dotorea zain dago bisitariak noiz etorriko, eta, berarekin batera, txistorra, barazkiak edota eztia izango dira, besteak beste, eguneko protagonista nagusiak. Txikienek ortuan aritzeko tailerra izango dute, eta, erosketak egin bitartean, egitarau zabala dago: bertsolariak, euskal kanta eta dantzak, herri kirolak... Iluntzean, berriz, erromeria.

Lekeition, bestalde, eskualdeko 24 ekoizle, hamalau abeltzain eta dozena erdi bat artisau izango dira gaur tradizio handiko merkatuan, etxeko onena saltzeko asmoz. Tradizioa mantentzeaz gain, Udalak antolatzen duen hitzorduan, garrantzi handia du lehenengo sektoreari bultzada emateak eta bertako baserrietako produktuen kontsumoa indartzeak. Azoka 10.00etatik 14.00ak arte egongo da zabalik.

Txistularien doinuekin hasiko da Azpeitian 40 saltoki inguru izango dituen Gabonetako azoka nagusia, eta animazio ugari ere izango dira eguna biribiltzeko. Izan ere, pilota partidak, herri kirol probak, bertso saioa, buruhandiak, dantza suelto txapelketa... iragartzen ditu egitarauak. Egunari amaiera bikaina emateko, Ingo al Deu taldearen erromeria izango da.

Arrasaten, azkenik, tradizioari jarraituz, bihar arte itxaron beharko dute azokaz gozatu ahal izateko. Laubide plazan abereak izango dira, eta, Seber Altube plazan, berriz, fruta eta barazki erakusketa izango da. Sagardoa eta taloak ere ez dira faltako, noski.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo