GARA > Idatzia > Euskal Herria

Donostiako Udalak Txillardegiri emandako saria salatu du Urquijok

Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi» saritzeagatik Donostiako Udala salatu du Gobernu espainolaren EAEko ordezkari Carlos Urquijok, «terrorismoaren gorazarrea» izan daitekeelakoan. PPk izan ezik, Donostiako talde guztiek onartu zuten sarituen zerrenda.

GARA |

Donostiako Udalak Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi Hiritar Merezimenduaren dominarekin saritzea salatu du Gobernu espainolak EAEn duen ordezkari Carlos Urquijok, ustez «terrorismoa goratzea» delako delitua izan daitekeelakoan.

Talde guztiak -PP izan ezik- Txillardegi saritzearen alde azaldu ziren. Euskaltzalearekin batera Jaime Caballero igerilaria, Txotxongilo taldeko Manolo Gomez kidea eta Donostia Ospitaleko Jaioberrien Alorra saritu zituen Gipuzkoako hiriburuko Udalak.

PPk ez zuen izendapen hauen alde bozkatu, Txillardegi «ETAren sortzaile» zela nabarmenduz. Abstentziora jo zuen, «beste sarituek merezi duten errespetua» dela-eta.

Auzitegi Nazional espainolari aurkeztu dion idazkian, Urquijok Txillardegi saritzea «terrorismoaren biktimen onarpenaren eta errekonozimenduaren legearen» aurkakoa izan daitekeela nabarmentzen du.

Horrekin batera, Zigor Kodearen 578. artikuluaren kontra joan daitekeela ere gaineratu zuen Urquijok, Gobernu espainolaren Ordezkaritzak igorri zuen ohar batean adierazi zuenez. Artikulu horrek terrorismoaren gorazarrea zigortzen du.

Hiritar Merezimenduaren Dominak Donostiaren alde lan egin duten pertsona edo erakundeak saritzen ditu. Alkateak edo Udalbatzako kideek proposatzen dituzte sarituak. Urtean bost saridun izan daitezke gehienez.

2012. urtean Peter John Brown, Joaquin Perez Iriarte, Andresa Portugal, Ramon Saizarbitoria eta Lourdeseko Amaren Abegi Elkartea izan ziren sarituak. 2011n, Francisco Etxeberria, Miguel Tardaguila, Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkartea, Felix Perez eta Arrats elkartea saritu zituzten.

merezimendua

Merezimenduaren Dominarekin Donostiaren alde lan egin dutenak saritzen ditu Udalak. Aurten, Txillardegirekin batera, Jaime Caballero igerilaria, Manolo Gomez Txotxongilo taldekoa eta Donostia Ospitaleko Jaioberrien Alorra saritu dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo