GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari Ernegatua

Zuen osasunera!

Munduan zehar, edo gutxienez Mendebaldeko Europan, oso gutxi izango dira pipa erre, ardoa lepo edan eta tripa bete arte jaten duen morroia idolotzat daukaten haurrak. Nahiz eta haurrik izan ez, eta, ondorioz, oraindik ilea eduki, Olentzerorena egitea omen dagokit. Opariak egiteko ez, baina kapoiak arrautzekin jan eta ardoa lepo edateko gai banaizelakoan nago.

 

Gaur Olentzerori opariak eskatzeko eguna da. Haurrek anitz maite dute ardoa lepo edan, pipa edo purua erre eta tripa bete arte jaten duen ikazkin narrasa. Munduan zehar, edo gutxienez Mendebaldeko Europan, oso gutxi izango dira halako profila duen morroia idolotzat daukaten haurrak.

Nik ez dut Olentzero ezagutu. Antzeko irudi eta ohiturak izan ditzakeen jende asko ezagutzen dut, baina, nirean, «erregeak» etortzen ziren. Ez nuen gehiegizko nahigaberik sentitu «erregeak» nortzuk ziren jakin nuenean. Agian gu baino gehiago zekiela erakutsi nahi izan zuen eta historia irakasten omen zigun irakasle hark inoiz esan zigun egia bakarra izango zen hura.

Ez dut inoiz pertsonaia zabar bezain maitagarri horri opari materialik eskatzeko beharrik sentitu, agian, zentzu horretan bederen, behar izan dudan guztia izan dudalako edo. Baina aurtengoan bai, surf taula berri bat eskatuko nioke, izan ere, orain gutxi bitan birrindu dut azken itsaskietan lagun izan dudan amorante sekretua.

Errotuladore batekin, doitasun handiz marraztuak nituen taularen aurrealdean Spermbirds taldearen zapaburu hegalariak dantzan, foam eta beirazko zuntz zuri distiratsuaren gainean. Eta, erdian, RIP taldearen punki gandorduna eta RKLko mutiko gaiztoa. Bihurria ez, gaiztoa. (Iguin ditut, naturarekin kontraesanetan, ingurukoen atseginerako bihurri baino ez diren haurrak, eta, zer esanik ez, noski, haien gurasoak).

Batzuek, uretan musika entzun ahal izateko azken modako walkmanak eskatuko dizkiote balantza batean mendian behera datorren tripaundiari. Berogailu sistema elektrikoa soinean daraman ur jantzia nahi duten morroi eskas decandence-ak ere izango dira. Eta gehienok, behar ez ditugun eta aurrez sortu dizkiguten alferrikako behar txatxuak oinarri hartuta egingo dizkiogu gure eskaerak Olentzerori.

Nik ez dut azken modako uretarako walkman ponposorik behar; nire taulako marrazkiei esker gustuko abestiekin surf egiten urteak daramatzadala esan dezaket. Gainera, horretan behintzat ezin hobeto funtzionatzen duen gailuari inoiz pilak aldatu gabe. Ur jantzi apartekorik ere ez dut nahi, gozatzeko aurrez apur bat sufritu beharra dagoela uste baitut. Eta beharrezko senti ditzakedan alferrikako gauzei dagokienean ere, iragarkietako neska «leka-makilek» oraindik behar bezala limurtu ez nautelakoan nago; haragia maite dut.

Eskatzekotan taula berria eskatuko nuke. Gero, aipatu nire talde kuttunen ohiko marrazkiak egingo nizkioke, eta haiek igortzen didaten doinuen erritmora itsasoratuko nintzateke. Jada ez nago ezer eskatzeko moduan, ordea. Nahiz eta haurrik izan ez, eta, ondorioz, oraindik ilea eduki, Olentzerorena egitea omen dagokit. Eta egingo dut. Ez dut oparirik egingo, zekena, doilorra, xuhurra bainaiz, baina kapoiak arrautzekin jan eta ardoa edateko gai banaizelakoan nago. Zuen osasunera!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo