GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zuberoan eginak diren produktuak ezagutarazteko logotipo askea sortu du Astobelarrak

Zuberoako Astobelarra argitaletxeak, kultura eta naturaren arteko lotura egin nahirik, eskualdean eginak izan diren produktuak ezagutarazteko logotipoa sortu du. Ezkutuaren erabilera askea izanen da produktu zuberotarren garapena sustatzeko.

p017_f01_9400.jpg

Idoia ERASO

Izadiaren baitan gizakia eta gizakiaren baitan izadia sartu»; hori da Astobelarra elkarte eta argitaletxeak duen lelo eta helburua. Horren egiteko natura eta kultura dinamika baten inguruan elkartzen ditu argitaletxeak. Ohikoak diren ingurumenaren aldarrikapenerako argitalpenekin batera ekonomiari ere lotzen zaion ekimen berri bat agertu dute: «Xiberoan eginik logotipo baten agertzea erabaki dugu, sortzez eta kulturaz gurea den gunearen aldarrikatzeko. Prefosta, Xiberoa ordezkatzen duten ikurretan hautatu nahi dugu, bereziki Astobelarra taldean Xiberoa itxuratzen eta aldarrikatzen dugun bezala».

Logotipoaren aukeraketak Astobelarraren xedeetako bat, hots, eremu ezberdinen integrazioa, nabarmentzen du; izan ere, Pirinioetan eztabaida askoren iturri izan den hartza aukeratu dute ikur gisa, eta aldi berean erregeen garaiei erreferentzia egin nahi dien ezkutuaren forma eman diote.

Argitaletxeko arduradun Laurent Caudinek horrela azaldu du logotipoaren aukeraketa: «Hartza hautatu dugu, uste dugulako hartzak iraganean zuen tokia hartu behar duela etorkizunean. Dakikezuen bezala, aspaldi, hartza jainko bat bezala ohoraturik zen Europa zabalean. Konkurrentzia ez baitzaio gustatzen, Elizak meneko kabala bezala erakutsi du, bizio anitzen arragistatzen eta deabruaren sorkuntza. Ihikistaturik, zirkako kabala bilakatu da eta lehoiak bere lekua hartu du. Lehoiarekin ordezkatu nahi zen kuraia, indarra, albidata, zuhurtzia eta beregaingoa! Gurea sortzeko eta kulturako ondorea berriz eskuetan hartzeko ordua da...», erantsi du.

Kultura eta naturaren artean dagoen loturaren defentsa hartzen du elkarteak. Horren baitan kokatzen da, esaterako, euskararen eta animalia basatien aldeko lana. Logotipoaren erabilera doakoa izanen da, beti ere ideia horiekin bat egiteko: «Errolda honek gogoala ekartzen dituen ideiekin adostasun zerbait dutenei eskaintzen diegu eta Xiberoan ekoizten duen ber (disko, etxeko jan-edan edo liburu) ekarten ahal dute beren gustuala». Caudinek ere gaineratu du: «Gure xedeetako bat jendeari irri eginaraztea eta pentsaraztea da. Aldi berean gure identitateari buruz eta gure elkarteari buruz mintzatzeko parada eman nahi dugu».

Kartelak eta pegatinak

«Logotipoa egiteko ideia ukan genuelarik jendeak afixak eta autokolantak egitea galde egin digute, eta horretan gogoetatzera bultzatu; prefosta laster aterako ditugu», azaldu du Caudinek. Gaur egun logotipoa euskarri digitalean zabaldu dute, erabilera zabaltzen joan dadin.

Lauren Caudine idazlea ere bada. Argitaletxeak Zuberoaren berezitasunez argitaratu dituen liburuen artean kaleratu duen azkena berarena da: «Pensements 2. Chroniques et nouvelles de Soule et d'ailleurs» (Pentsamenduak 2. Zuberoako eta beste tokietako kronikak eta berriak). Ikuspegi ekologista humanistatik abiatuta erakundeen eta biziaren gai anitzak landu ditu.

Ekonomiaren berkokapena zabaltzen doan aldarrikapena

Krisiari aurre egitea, ingurumena defendatzea eta abertzaletasuna aldarrikatzea izan daitezke ekonomiaren berkokapenerako argudioetako batzuk. Ikuspegiak ezberdinak izanik ere, elkarte eta mugimendu gero eta anitzagoak dira ekimenetara pasatzen ari direnak. Astobelarra argitaletxe zuberotarraren logotipoaren sorrerarekin batera, Ipar Euskal Herrian urtarrilaren 31n abian jarriko den «eusko» euskal txanpona nabarmendu daiteke.

Ingurumena eta euskara babestu nahi dituen txanpon berri honek Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako lurraldeetan ekonomia eta engaiamendua elkartuko ditu. Hortaz, euskoa erabiltzen duten enpresak ekologiaren eta euskararen babesle izanen dira. I. E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo