GARA > Idatzia > Euskal Herria

ZIENTZIA | MIkel SUSPERREGI mikel@carbonica.org

Dohako txostena

 

Larunbat arratsean amaitu zen Qatarreko Doha hiriburuan ospatutako klimari buruzko Nazio Batuen Erakundearen goi bilera eta, orokorrean, esan daiteke arrakastatsua izan zela. Ohikoa den bezala, gailurraren azken egunean gauean zehar saio maratonianoa izan zen, akordioa adosteko.

Aurrerapauso garrantzitsuak baina mugatuak eman dira, eta hori ondo da, gehiago ez baikenuen espero. Orain- dik lan handia dago egiteko eta erronka zailak.

Finean, iaz Durbanen erabaki zen bezala, nazioarteko akordioa prestatzea da momentuko helburua, 2015ean sinatzeko asmoarekin. Beraz, datorren urteko goi bilerak prestaketa lana sakonduko du, eta 2014ko bilera azken-aurreko esprinta izango da. Egutegi horren arabera, 2015ean lortuko dugu azkenean Kioto protokoloari jarraituko dion akordio nagusia, eta 2020a izango da hasierako ezarpen data.

Badirudi hori ez dela zalantzan ipintzen, oraingoz behintzat.

Zoragarria izango litzateke berehala akordioa lortuko bagenu, baina hori ezinezkoa da konplikatuegia delako. Nahiz eta berotze globalaren arazoa larria izan (eta hori denok dakigu), ezin ditugu egun batetik bestera mundu osoko azpiegiturak aldatu CO2 isuriak behar den bezainbat murrizteko.

Logistikoki eta azpiegitura aldetik, 2020. urterako munduan zehar CO2 isurien %20ko murrizketa lortzeko inbertsio izugarriak behar dira, eta denbora behar da ere adostasunak hartu ondoren horiek gauzatzeko.

Energia garbirako proiektuek kasu batzuetan 10 urte behar dituzte plangintza eta finantza fasetik azkenean gauzatu arte eta argindarra sortzeko momentu hori iritsi arte. Beraz, arazo hau konpontzeko nahia ez da nahikoa, denbora ere behar dugu.

Zoritxarrekoa da zentzu batean larrialdi kasuko egoera honi premiazko erantzun azkarra eman ezin izatea. Ondorioz, berotze globalak aurrera jarraituko du eta gure ahalegin guztiak egin behar ditugu batez besteko tenperaturaren igotzea ahalik eta txikiena izan dadin.

Aurreikusten dutenez, ahalegin guztiak egiten baditugu batez besteko tenperatura 2 gradu igoko da. Agian horrela gertatuko da, baina dakigun bezala ezin ditugu fisikako legeak kontrolatu, eta eguraldiaren zientzia ezin dugu beti zehazki aurreikusi. Beraz, tenperaturaren igotzea agian larriagoa izango da. Gertakizun horiek orain gure kontroletik kanpo dira.

Dohan 200 estaturen bozeramaileek parte hartu zuten, eta adostasunak lortzea ez da erraza. Gailur horietaz asko espero da, eta Kopenhagen, Cancun eta Durbanen ikusi genuen bezala, goi bilera hauek anti-klimax izugarri baten modura amaitzen dira.

Dohaneko aurrerapauso handiena izan da adostu dela estatu guztiek CO2 isuriak murriztu behar dituztela. Hori esatea erraza da, baina orain arte ez zen horrela. Kiotoko protokoloak bi estatu mota edo kategoria bereizten ditu: mendebaldeko estatu garatuak eta gainerakoak. CO2 murrizketak estatu garatuen ardura ziren soilik.

Horrek kontraesan asko sortu ditu. Adibidez, Txinak eta Indiak ez zuten CO2 isuriak gutxitzeko ahaleginik egin behar, Kiotoren arabera. Txinak egun CO2 isuri gehien sortzen ditu munduan, eta kopuru hori gorantz doa.

Beraz, Dohan lehen aldiz onartu dute denok planeta berean bizi garela, eta negutegi gasen isuriak gutxitzeko lana (eta kostua) denena dela. Batzuetan horrelako premisa sinpleak onartzeko denbora behar da, baina azkenean lortu dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo