GARA > Idatzia > Kultura

Irati JIMENEZ | Idazlea

Ramoncin


Madrileko langile auzunean jaio zen eta 20 urte bete baino lehen agertokietan rock-and-rolla egiten zebilen, Ereduzko Trantsizioaren Askatasun Ikur bilakaturik. Abesti bakarra ezagutzen dioten askorentzat Oilasko Frijituaren Errege izan da ordutik eta beste askorentzat ez zen inor izango, ez baitzen movida hartako musikari onena, arrakastatsuena edo ezagunena. Eta zer. 1980ko hamarkadako Espainian David Bowie ezagutzea izango zen askatasun aldarri, baina 1990ekoan libertatea telebista pribatuak ziren eta modernitatea, Telecinco. Hantxe agertzen zen Ramoncin, Apeles izeneko abadeki batekin abortua, eutanasia edo Carmina Ordoñezi buruz algaraka, Oilatoki-gidoi-Platoan. Ezkertiarraren bertsio «jibarizatu» edo progrea izatea ere txiki geratu zitzaionean Interneten aroan benetan libre izatea SGAEren pribilegioak defendatzea zela erabaki zuen.

Behinolako punkak «El Jueves» moralaren kontrakotzat jo eta haren Youtube kanala ixtea lortu zuen, zalapartarik gabe, trajedun abokatuen burofax demokratikoarekin. Espainia bankarrotean sartu zen orduan, ezin horrenbeste abokatu, moral eta plato ordaindu eta dena burbuila zela agerian geratu denean -finantzak, bankuak, eraikuntza baita egile eskubideak ere- Ramoncinek gainbeheraren ikono izan nahi du, erretako Troia baten Hector. Zirkuluaren azkena falta da orain. Epaiketa luzea eta -asko botata- kartzelaldi laburra, espainol izenekoei egiten zaien modukoa. Gero telebistara, biktimaren aldarean jarrita. Txutxumutxu Deluxe eta handik grabaketa-estudiora, abesti auto-parodikoren bat egitera. «Ramoncin marka bat da» esan zuen behin. Arrazoi du. Espainia marka hori, diktadorea hil zenetik horrenbeste itxuretan desitxuratu dena, porrot batetik bestera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo