GARA > Idatzia > Euskal Herria

Olatzagutiko errauskailuak gezurra duela oinarri salatu du 3Mugak Baterak

 

GARA | OLATZAGUTIA

Olatzagutiako Portland faktorian errauskailua martxan jartzeko prozeduran «ezkutuko jokoa, gezurrak eta asmo txarra» nagusi izan direla salatu du 3Mugak Batera plataformak.

Herritarren benetako parte hartzea ez ahalbidetzea eta azalpen publikorako epea abuztuko oporraldiekin batera zabaltzea aipatu dituzte argudio gisa. «Espedientea tramitatzea, hau da, hondakinak errausteko jarduera Nafarroan burutu ahal izatea, ezkutuan eta amarrupean egin dela salatu nahi dugu, horrela ezarri nahi duten zonaldeko erakunde sozialek, udalek (baita beste zonalde batzuetako ehun bat udal ere) eta mankomunitateek baztertu duten proiektua inposatzeko», nabarmendu du plataformak ohar bidez.
Hondakinak erretzeak osasuna larri kaltetzen duela  ohartarazi, eta Olatzagutiko Udalaren autonomiaren aurka egin izana gaitzetsi dute.

«Bestalde, Nafarroan egin daitekeen basakeriarik eta bidegabekeriarik handiena burutu ahal izateko diseinatutako lege amarruak honen azpian interes ekonomiko handiak daudela pentsarazten digute», adierazi zuten 3Mugak Batera plataformako kideek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo