GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal selekzioaren festan, U-12a helmuga izanik, kalera aterako da Etxerat Donostian

Urtarrilaren 12ko manifestaziorako bi aste eskas falta direla, Donostian bihar euskal selekzioak jokatzen duen partidaren inguruan ere ez da faltako presoen aldeko ekimenik senideen eskutik, 18.00etatik aurrera.

p014_f06_148x084.jpg

GARA | DONOSTIA

Euskal selekzioak bihar Anoetan jokatuko duen partida, urtero legez, festa handia izango da, bai eta presoen eskubideak aldarrikatzeko abagunea ere. Etxeratek atzo jakinarazi zuenez, «gure ahotsa entzunaraziko dugu», eta horretarako bi hitzordu zehaztu dituzte.

Batetik, 18.00etan Gasca kiroldegian Esait-ek antolatutako ospakizunean tartetxoa izango dute, Etxerateko bi kideek hitza hartuko baitute. Handik ordubetera, Anoetako sarrera nagusian elkarretaratzea egingo dute Etxerat osatzen duten senide eta lagunek. Bi ekimen horietan parte hartzera animatzeko agerraldia egin zuten atzo Donostian. Asteburu honetan Atarrabian egitekoa den Hatortxu Rock-en edizio berriari ere aipatu zuten.

Horrek guztiak Bilbon urtarrilaren 12rako deitua den manifestazioa du azken muga. «Guretzat data garrantzitsua da urtarrilaren 12koa. Gure senide preso eta iheslarien eskubideen alde urtean egiten den mobilizaziorik handiena izaten da, eta bai guretzat, baita gure senideentzat ere, indarrak hartzeko ezinbestekoa da. Hori dela eta, ezinbestekotzat jotzen dugu euskal preso eta iheslarien senide guztiok urtarrilaren 12ko zitan hutsik ez egitea; gauzak honela, asteburu horretan Espainian, Frantzian, Ingalaterran, Eskozian, Irlandan edo Portugalen aurreikusita genituen eta guretzat eta gure senideentzat hain garrantzitsuak diren bisitak ez ditugu egingo», ekarri zuten gogora senideek.

«Bilbo euskal jendartearen gehiengoaren isla bilakatuko da urtarrilaren 12an», iragarri du Etxeratek, atxikimenduak etengabe batzen ari direla nabarmenduta.

TABERNARIAK

Tabernari ugarik ematen dio atxikimendua U-12ko mobilizazioari, egun horretan beraien lokalak itxiz edo bestelako sostengu ekimenak gauzatuz (pegatinak jarri, musika itzali...) Atzo agerraldiak egin zituzten Iruñean zein Errenterian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo