GARA > Idatzia > Kultura

San Miguel Donostiklubak musika zirkuitua prestatu du hirugarrenez

Festak, aurkezpenak eta kontzertu anitzak antolatu dituzte San Miguel Donostikluba zirkuituaren baitan. Hiriko zenbait areto publiko zein pribatutan kontzertu sare bat osatzeko eta musikaren mundua dinamizatze aldera sortu zen egitarau hau.

p036_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

San Miguel Donostikluba Zirkuituko arduradunek 2013. urtearen lehenengo zatiaren programazioaren berri eman zuten atzo. Indie-pop musika gailentzen bada ere, bertoko rock taldeak ere izango dira Gipuzkoako hiriburuan.

Zirkuitua Donostiako Udaleko Gazteria sailak, Donostia Kulturak eta San Miguel enpresa babesleak antolatuta sortu zen 2010ean, zenbait udal aretotan zein klub pribatutan kontzertu programazio oparo bat eskaintzeko asmoz.

Ekimenaren helburua, antolatzaileen esanetan, Donostiako musika mundua sustatu eta dinamizatzea, musika independentearen kultura bultzatzea, bertako proposamenak argitara ematea eta formatu txiki eta ertainei laguntzea da.

2013. urterako programatutako kontzerturik deigarrienak atzerritik etorritako taldeenak izango dira. Hala nola, Donostian izango dugu Veronica Falls. Talde britainiarrak Donostikluba Musikaldiko kontzertua bertan behera utzi behar izan zuen -Estatu espainoleko bira osoa bezala- eta orain Gazteszenan izango dira otsailaren 2an Lurrazpiko Festaren baitan. Horiekin batera Juanita y los Feos, The Feeling of Love, Violeta Vil, Sonic Trash eta International Vicious Society arituko dira.

Edwyng Collins (Orainge Juice taldeko musikari ohiak) martxoaren 23an izango dira Intxaurrondoko kulturgunean, eta leku berean jardungo dira apirilaren 19an Ocean Colour Scene taldeko kideak. Horiekin batera Javier Sun donostiarra arituko da, tokiko musikaren eredu.

Izan ere, euskal musikak ere bere lekua izango du. Esate baterako, Gatibuk disko berriko kantak eskainiko ditu otsailaren 28an Gazteszenan. The Rock Sifredi Band donostiarrak rock-and-rolla, jazza eta bluesa uztartuko ditu urtarrilaren 17an La Tabernan.

Beste talde askorekin batera ekitaldi berezi bat aipatzearren, maiatzaren 18an Stereoparty festa antolatu du Subterfuge Records zigilu madrildar independenteak bere musika katalogoaren berri emateko.

APALAGOA

25 emanaldi data zehaztu dituzte oraingoz urtarriletik otsailera bitartean. Iaz, urte osoan 45 kontzertu izan ziren eta 13.183 ikusle izan zituzten. Aurten ere emaitza onak jasotzea espero dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo