GARA > Idatzia > Ekonomia

Bizkaiko gasolindegietako langileek hitzarmena blindatzeko eskatu dute

Pasa den astetik greban dauden Bizkaiko gasolindegietako langileek manifestazioa egin zuten atzo, Bilbon, lurraldeko lan hitzarmena blindatu dadila eskatzeko. Enpresa ordezkariek jarrera aldatzen ez dute bitartean, langileek greban jarraituko dutela adierazi zuten.

p026_f01.jpg

GARA |

Bizkaiko gasolindegietako langileek bederatzigarren greba eguna bete zuten atzo, eta, Bilbon egindako manifestazioan, lurralde hitzarmena berritzeko eta lan erreformaren aurrean blindatzeko eskatu zuten. ELA, LAB, UGT, CCOO eta USO sindikatuek deitutako protesta Moyua plazan hasi, eta Miribilla auzoan dauden Repsol eta Cepsa konpainien gasolindegien aurrean egindako kontzentrazio batekin amaitu zen.

«Rajoyren neurri berriek hitzarmen kolektiboaren joko arauak aldatu dituzte», salatu zuen Aitor Amor UGT sindikatuaren ordezkariak, manifestazioa hasi aurretik egindako adierazpenetan. Era berean, lan erreformaren helburua hitzarmenak «guztiz hondatzea» dela uste du.

Bere esanetan, «neurrigabeko gutxieneko zerbitzuak kenduta», greban dauden langileek zerbitzu guneen %90 mantentzen dute itxita. Gainera, «gizarte osoaren» babesa dutela baieztatu zuen, «erreformak hitzarmen guztiak ukitzen dituelako».

«Egunetik egunera gero eta gehiago gara. Gauden moduan gelditu nahi dugu, hitzarmena dagoen moduan utzi eta blindatu dezatela, gehiegizko jarduera aplikatu ez dadin», esan zuen.

Gainera, «negoziazioa zuzentzen duten eta mahaian gehiengoa duten patronal handiak» kritikatu zituen. Ildo horretan, enpresari txikiak ere horretaz jabetu direla adierazi zuen, eta hortaz, Bizkaiko hitzarmena babestearen beharraz konturatu direla.

Greban jarraituko dute

Negoziazioa blokeatuta dagoela ikusirik, langileek greban jarraitzea erabaki dute. Ildo horretan, mobilizazioak eta jarduera informatiboak areagotuko dituztela jakinarazi zuten. Izan ere, enpresa ordezkarien jarrera aldaketa ezinbestekotzat jotzen dute sindikatuek greba utzi eta negoziazioari ekiteko.

Bi dira langileen eskaera nagusiak eta biek dute zerikusi zuzena lan erreformarekin. Batetik, akordio bat lortu bitartean oraingo hitzarmenak indarrean jarrai dezala nahi dute. Bestetik, soldata igoera ez betetzea ahalbidetzen duen neurriari uko egiteko eskatzen diote patronalari. Horrek, bere aldetik, lan erreforma derrigorrez bete beharrekoa dela argudiatzen du.

jarrera itxia

Patronalaren jarrera itxia salatu zuten sindikatuek, eta honek negoziatzeko prestutasuna agertu ezean, langileek greban segituko dutela ohartarazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo