GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHT linea gauzatzeko inkesta publikoa aurrera doala salatu du CADEk

GARA |

AHT linea berriaren gauzapenerako urratsak aurrera doazela salatu du berriki CADE ingurumen elkarteen kolektiboak. SNIT egituraren -garraio azpiegituren eskema nazional frantsesa- ebaluazio batzordea lehentasunezko azpiegiturei buruzko azterlana kaleratzekotan delarik, eta, garraioari buruzko hausnarketan sakontzea helburu duen Tren Garraioaren Behatokiak ez duelarik oraindik emaitzarik argitaratu, AHT linea berriaren bultzatzaileek inkesta publikoa prestatzen hasteko eskatu diote RFF egiturari -trenbide sarearen kudeatzaileari-.

CADEk Michel Delpuech Akitaniako prefetari helarazitako gutun batean gogorarazi dio, 2013ko udan iragan beharko lukeen inkesta publikoa orain bultzatuz ez direla kontuan hartzen «ezinbestekoak diren dispositiboak».

Banakako bilerak

Inkesta publikoa abiatzeaz gain, RFFk, lekuko hautetsien beharren arabera, hurbileko bilkura publikoak eta proiektuak zuzenean eragingo dien herritarrekin banakako bilerak egiteko asmoa du, uda bitartean. Bilera horiek inkesta publikoak antolatzeko eta proiektua nola gauzatuko den informatzeko eginen ditu RFFk. Horiek horrela, proiektua aurrera eramateko indarrean sartu nahi izatea leporatu zion CADEk prefetari. «Banakako bilera horiek jabeari zuzenean lurra erosteko egin ohi dira. Zer eginen da lur horiekin egitasmoa sekula egiten ez bada?».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo