GARA > Idatzia > Kultura

Txaber Errazti euskaltzalea, Lauaxetaren gabardina gorde zuena, ostegunean zendu zen

p037_f01_149x121.jpg

Alvaro HILARIO | BILBO

Txaber Errazti euskararen bultzatzaile sutsua ostegunean hil zen, 88 urte zituela. 60ko hamarkadan, bera izan zen Laudioko ikastolaren sorrera bultzatu zuten  industria gizonetako bat. Galmaka auzoan ikastola bera eta irakasleentzako hamabi etxe neoklasiko eraiki zituzten lursoroaren jabea bere familia zen.

Euskararen normalizazioaren alde JEZ Sistemas Ferroviarios enpresan egindako lanagatik Lazarraga Saria jaso zuen. Bestalde, hainbat urtetan izan zen JEZ enpresako zuzendaria, azkenaldian ohorezko lehendakaria zelarik.

Pasa den ekainaren 1ean, Larrabetzuko Literaturia jardunaldiak hasi aurretik, Lauaxetak atxilotu zutenean soinean zeraman gabardina aurkeztu zuen Txaber Erraztik: «Txikitatik ezagutzen nuen Lauaxeta. Berarekin eta mendigoizale talde handi batekin urtero-urtero joaten nintzen Aralarrera», esan zuen bertan, gabardinaren nondik norakoak azalduz.
«Gaztea nintzen eta pertsonalki ezagutzen nuen Lauaxeta; hori bai, bere testuak nagusi nintzenean hasi nintzen irakurtzen. Gogoan daukat erabiltzen zuen euskara garbi-garbia».

Izan ere, poetaren laguna izatetik datorkio jantziaren zaintzailea izatearena: «Gabardina zerutik jaitsia bailitzan erori zitzaidan. Txikitatik ezagutzen nuelako eman zidaten: bazekiten ondo gordeko nuela», zehaztu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo