GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Bestelako kontuak, aurrera!

Bada bai, urte honenak egin du, denok dakigun moduan; bihar ezustekorik ez bada behintzat! Ea maiek kalkulu okerra egin zuten, hainbeste gauza buruan, eta munduaren azkena bihar den! Orduan akabo urtea eta mundua bera, egun berean. Bitartean egunen gurpila aurrera doa, batzuetan zulatuta joan ere. Hortaz, urtearen azken egunotan kaleko gabon-kantekin batera aurrekontu-kontuak datoz erakundeetan. Baina gaur gaurkoz behintzat, eta biharkoak biharko, Gipuzkoako Batzar Nagusiak dira aurrekontuen sakoneko esangura ulertu duen erakunde bakarra: kontuak aurrera atera ditu; aurrekontuak, beraz. Beste erakunde batzuetan, ostera, hor ari dira, pasillorik pasillo, pasio gehiago edo gutxiagorekin, kontuak lotu nahian, hondamen pila ekarri behar zuen erakunde hari soslaiz begira, betoker. Gona eta praka bete lan izango dute horietan urte berriko hasieran ere; jakinean baitaude Olentzerok ezin duela denon eskaerak bete, are gutxiago ikazkinak ere enplegu-erregulazio baten bidean egonda. Eta badira datorren urteko kontuak aurrera atera ezinean, joan badoan urtekoak luzatu beharrean izan diren erakundeak ere; atzekontuak, kasu honetan. Horra Nafar Gobernuaren kasua. Hala ere, murrizketatan ari dira horretan, azpiegituren sailera bilduz besteetan murriztua: Nafarroako Ubidera, kasurako. Hortaz, lehengoan herriko baten komuneko ate-ostean irakurria gogora: hildako arrainak baina ez doaz beti korrontearen alde. Kontuak atera...! orduan izango baitira aurrekontuak.

Tira, harira. Ez dakit zergatik, baina mahaiak etorri zaizkit burura, Pinotxoren aita gogoan. Herri honetan hamaika mahai osatu dira historian zehar, horietariko hainbat istorio izan baziren ere. Nago, 2013ra zuzen begira, Herri honen arazoak behingoz konponbidean jartzeko kontua ez dela mahaia. Izan ere, mahaitan multinazional eskandinaviar ospetsuak -edo- baino gehiago ekoizten dugu hemen. Aulkiak dira hemen kontua, nork bete zein aulki. Horregatik, erakunde batzuetan kontu batzuk aurrera ateratzeko gai izan direla ikusita, abiapuntu egokia izan daiteke hori beste kontuetan aurrera egiteko ere, mahai baten bueltan beti ere, baina patxadaz jesarrita... eta bertoko produktuak mahai gainean. 2013a izan bedi horren lekuko!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo