GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

NAZIOARTEKO SELEKZIOEN ARTEKO LAGUNARTEKO I FESTA ETA ALDARRIKAPENA

Ikurrinak gogotsu egin dio tokia Boliviakoari

Doris, Mari Carmen eta Silvia Bergaran bizi dira, baina boliviarrak dira jatorriz. Realzaleak izan arren, atzokoa ez zen haiek animatzeko eguna. Partidua baino ordu pare bat lehenago Anoeta inguruan giroaz gozatu zuten beste boliviar eta euskaldunen artean. «Onenak irabazi dezala», esan zuten.

p004_f04_58114.jpg

Oihane LARRETXEA I

Hamabost egunetik behin, Realak etxean jokatzen duen bakoitzean, futbol taldeen bufandak, kamisetak eta abar saltzen dituen postutxoa jendez gainezka zegoen atzo. Denak, Euskal Herria-Bolivia zioen bufanda eskuratu nahian, alde batean zuria, gorria eta berdea nagusitzen ziren; bestean, horia, gorria eta berdea. Bufandetako kolore hauek ere jendearen masailetan ikusi ziren makina bat, hiruna marra musuaren alde bietan marraztuta.

Koloreak nagusitu ziren, baita jai giroa ere, Anoeta estadioaren inguruan futbol partidua hasi baino ordu batzuk lehenago, nahiz eta iragarpenek huts egin ez: gogotik bota zuen euria.

Bata besteari elkarri argazkiak ateratzen ari ziren Doris, Mari Carmen eta Silvia boliviarrak. Hirukotea Bergaran bizi da, eta egunerokoan Reala animatu arren, atzo ez zuten zalantza izpirik erakutsi. «Gaur bihotzak gureekin ditugu; gure selekzioarekin; bihar beste kontu bat izango da, baina gaur... onenak irabaz dezala», adierazi zuten.

Batzuek argi zuten nor animatu, baina beste batzuek, Gisela eta Ander bikoteak bezala, buruhaustea zuten. Bata, Euskal Herrian bizi den boliviarra; eta bestea, berriz, donostiarra. Zer egin? Golak ospatzeko garaian bakoitza berera joatea onena zela iritzi zioten biek, eta emaitzak haserrerik sortuko ez zuela hitzeman zioten elkarri. Bete zuten edo ez...

Bi maitale gazte horiena ez zen eztabaida bakarra izan. Oraingoan futbol estadioez ari gara. Batzuek San Mames oroitu zuten, hainbeste mahai-inguru bete dituen Anoetako atletismo pistak madarikatu ostean. Beste batzuek, ordea, azken estadio honetan egitearen bikaintasuna goraipatu zuten, partidaren aurretik pintxotan aritzeko plan ederra eskaintzen duelako, haien iritziz, Donostiak.

Bilbon edo Donostian egitea, eta Euskal Herria edo Bolivia animatzea, finean, ia bigarren mailako kontuak izan ziren, giroak erabat elkartu zituelako gerturatu ziren milaka futbolzaleak estadioaren kanpoaldean antolatu ziren kontzertuetan eta txosnetan, batez ere gazteak. Planaz gozatzeko bi osagai hauekin, baten batek maitasuna ere probatu zuen, eta besarkatzen ziren moduagatik, ordurako ziur asko ahaztuta zuten zertara gerturatu ziren Anoetara. Edo agian ahaztuta zuten Anoetan zeudenik ere.

Gainerakoak lagunartean gelditu ziren, aukera bikaina baita ere, nahiz eta begiez atsegin zitzaien hura erakartzeko aukerak ere aprobetxatu zituen nork edo nork.

Ofizialtasuna eta presoak

Bihotzeko kontuak alde batera utzita, atzoko hitzordua futbola baino gehiago izan zen, zeren urtero, abenduko azken asteburuan egiten den norgehiagokak berarekin batera estuki lotuta baitarama euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldarrikapena.

Betiko moduan, selekzio propioaren ofizialtasunaren aldarrikapena egitera igo zen oholtzara Itziar Arratibel Euskal Selekzioaren Iritzi Taldeko (Esait) presidentea. Urratsak eskatu zituen Arratibelek, «gaur egun dauden baldintzak ikusita», aurrera ez egitea «ordainezinezko luxua» litzatekeela iritzita. Horretarako, Euskal Herriak fase berri batean sartu behar duela proposatu zuen, «desberdinen artean, baina nazio ikuspegiak gidaturik eta egungo blokeo egoera gaindituz, egingarriak izango diren akordioak bultzatu beharko ditugu. Akordio nazionalaren fasea irekitzea proposatzen dugu», iragarri zuen.

Hein horretan, gutxiengoen arteko akordioak eskuratu beharko direla azaldu zuen Esaitek, eta erantsi zuen, adibidez, ez duela mahai gainean egun batetik bestera FIFA, UEFA, UCIN edota nazioarteko beste erakundeetan sartzearen beharra.

Beste kontu bat ere iragarri zuen; izan ere, 2014. urtean, hau da, Munduko Futbol Txapelketa jokatuko den urte berean, Euskal Herria eta Katalunia nazioen artean, nazioarteko futbol txapelketa antolatzea proposatu zuen Esaitek. Horren arabera, bertan, estaturik gabeko zein estatua duten nazioek, inolako bazterketarik gabe, lehiatzeko aukera izango lukete. Erantsi zuenez, egungo esparru juridikoan «bideragarria eta egingarria» da.

Futbolean egiteaz gain, beste kirol arloetan ere antzeko urratsak egitea iradoki zuen Arratibelek, «urratsez urrats joan behar dugulako».

Euskal selekzioaren aldarrikapenarekin batera, oihartzun handia izan zuen euskal presoak gerturatzeko eskaerak. Oroitu zuten, halaber, atzo 606 euskal preso 24 orduko baraualdia egiten ari zirela euren egoera salatzeko.

Datorren urtarrilaren 12an Bilbon egingo den manifestazioari atxikimendua erakutsi zion Esaitek. Hain zuzen, horretarako deia luzatu zuten Anoetako atarian Etxeratek deituta elkartu ziren ehunka lagunek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo