GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

protagonistak I Omenaldia

Edlingerrek eta Herzogek agur esan digute

Patrick Edlinger azaroaren 16an zendu zen. Eskalada librearen erreferente nagusietarikoa izan zen, besteak besteak, garai berri baten aitzindari izan zelako. Maurice Herzog, berriz, hilaren 13an hil zen. Zortzimilako baten gailurra zapaldu zuen lehena izan zen.

p050_f01_199x140.jpg

Andoni ARABAOLAZA I

2012. urtea bukatzeko ordu batzuk besterik ez dira falta, eta azken lerrootan mendi, alpinismo zein eskalada jarduerei tartetxoa egin ordez, bi gizabanako historiko gurera ekarriko ditugu. Biak ala biak frantziarrak dira, eta biak ala biak oraintsu utzi gaituzte. Patrick Edlinger, adibidez, 52 urterekin zendu da. Maurice Herzog, berriz, 93 urterekin. Lehena, azaroaren 16an; bigarrena, aldiz, hil honen 13an. Edlinger zailtasuneko eskalada librearen aitzindarietako bat izan zen; Herzog, bestalde, zortzimilako baten gailurra zapaldu zuen lehena izan zen; Annapurna, hain zuzen ere.

Biak ala biak, beraz, historikoak izan dira. Bakoitza bere atalean, baina historikoak. Edlinger eskaladan; Herzog zortzimilakoetan. Mendiaren enbor bereko bi diziplina edo adar.

Aipatu dugun legez, utzi gaituen lehena Edlinger izan da. Antza denez, etxeko lanetan zela, istripuren bat izan eta zendu zen. Eskaladaren kolektiboarentzat muturreko ederra izan da; izan ere, eskalatzailea gazte, 52 urterekin, hil da.

Eskalada librea puri-purian zela, 80ko hamarkadan, Edlingerrek protagonismo berezia hartu zuen. Garai ederrak ziren, besteak beste, eskaladako diziplina hori puri-purian zelako. Abiada bizian garatzen ari zen, eta eskalatzaile zailduenak helburu zehatz batean buru- belarri zebiltzan: zailtasuna. Frantziarrarekin batera xede hori partekatzen ari zirenen izenak aipatzen baditugu, bada, argiago geratuko da kontua: Wolfgang Gulich, Patrick Berhault, John Bachar, Kurt Albert...

Finean, aipatu ditugun protagonista historiko horiek guztiek, zailtasun handiko bideak egin eta gero, eskalada librea atzean utzi eta kirol eskalada sortu zuten. Hala ere, garai berriak zirenez, eztabaida handiak izan ziren. Batzuek aurreko garaietako balio «zaharren» alde egin zuten; beste batzuk, berriz, indarrean jartzen ari ziren filosofiari esker, eskalada iraultzen ari ziren. Eta, esan bezala, horietako bat Edlinger izan zen.

Zendu berri zaigun eskalatzaile honi, zortea ala ez, toki berezi bat egokitu zitzaion. Frantzian bizi zen; hots, 80ko hamarkadan kirol eskaladaren munduko zilborrean. Verdongo eskalada eremua modan jarri zen, eta mundu osotik makina bat espezialista bertaratzen zen. Ia etxetik mugitu gabe, Edlinger han zegoen bereak eta bi egiten.

Aldizkari espezializatuetan argitaratzen ziren Edlingerren argazkiek ahoa bete hortz utzi zuten eskalatzaileen komunitatea. Baina are zirraragarriagoak izan ziren Jean Paul Janssen zuzendariarekin egin zituen bi pelikulak: «La vie au bout des doigts» eta «Opera vertical».

Eskaladaren filosofiari dagokionez, oso garai bohemioak edo hippyak ziren, eta, berriro ere, talka baten lekukoa izan zen. Urte haietan lehen eskalada-lehiaketak egin ziren, eta hainbatek ez zuten batere ondo ikusi lehiaketen mundu hori. Besteak beste, 1985. urtean «Hemeretzien manifestua» sinatu zutenek. Edlingerrek ez zuen bat egin. Lehiatzen hasi zen, eta Bardonechiako bigarren ekitaldia, 1986an, irabazi zuen.

Ohi den legez, urteak aurrera joan ahala, eskalatzaile honek beste belaunaldiko kideei lekukoa pasa zien. 1995. urtean, eskalatzen ari zela, istripu larria izan zuen. Ondoren, osatu, eskalatzen segi eta, besteak beste, «Rock`n Wall» eskalada aldizkariko erredaktoreburu izan zen. Eta, hasieran aipatu dugun bezala, azaroaren 16an hil zen.

Herzog, Annapurna

Hilaren 13an, bestalde, Maurice Herzogen heriotzaren berri izan genuen. Inolako zalantzarik gabe, Herzogen irudia zortzimilakoekin lotzen dugu. Hain zuzen ere, frantziarra zortzimilako baten gailurra zapaldu zuen lehen mendizalea izan zen. Annapurna izan zen, 1950. urtean.

Espedizio frantziar baten ordezkari izan genuen Herzog. Hain zuzen ere, espedizio historiko bateko kide. Besteak, berriz, honakoak: Louis Lachenal, Gaston Rebuffat, Lionel Terray, Jean Couzy eta Marcel Schatz. Irakur daitekeenez, mendizale historikoak.

Baina espedizio hartan «gogorrenak» Lachenal eta Herzog izan ziren. Azken honi egokitu zitzaion espedizio hartako ohorea. Bai, lehena izan zen Annapurnako tontorra zapaltzen; hots, zortzimilako baten lehen gailurra. Ondoren, Lachenalen txanda izan zen. Une historiko hari buruz zera adierazi zuen Herzogek berak: «Beti galdetu didate eta aurpegiratu didate zergatik izan ote nintzen Annapurnaren tontorra zapaltzen lehena. Gailurrera gindoazela, Lachenalek adierazi zidan atzera egiteko gogoa zuela. Nik esan nion bakarrik jarraituko nuela. Eta orduan zera gehitu zidan: «Aurrera egiten baduzu, nik jarraituko dizut». Eta, indartsuago nengoenez, ni izan nintzen lehena».

Hori bai, batez ere une historiko horren 50. urteurrenean, han gertatu zenaz eztabaida latza izan zen. Izan ere, Lachenalek argitaratu gabeko iritzia eman zuen eta bertsio ofiziala kolokan utzi zuen. Alabaina, eztabaida eta polemika bere horretan geratu zen.

Herzogek Annapurnako tontorra erdietsi zuen, baina aipatu behar da kanpaleku nagusira izozte oso larriekin iritsi zela. Horren ondorioz, hilaren 13an zendu den mendizale historiko frantziarrak alpinismoaren inguruko jarduera guzti-guztiak albo batera utzi behar izan zituen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo